Maribel Aiertza bizkaitarraren lehenengoko eleberriak emozioen munduan egiten du igeri. Irakurketa atsegina proposatzen digu, hunkigarria eta suspense puntu batekin igurtzia.
EGUZKIAK jaiotzerakoan eztanda egin eta sua hartu izan balu bezala zegoen zerua. Halatsu sentitzen zituen Mariak begiak, gorri eta erreak, edozein unetan belztu eta euritarako prest. Gauez betazalik itxi gabe eta egunez burua eta gorputza bat eginda izateko eginahalak egiten zebilelako egun hartatik: Anninak, heriotzari aurpegia ikusi dionaren larrialdiarekin, eskutik heldu eta azken mesede hura eskatu zionetik.
Lagunari lur eman eta hiru egunera, hari agindutakoa betetzeko unea iritsia zela ebatzi zuen Mariak. Gauak eguneko arropa janzten duen unea baliatu nahi zuen horretarako. Jendea oraindik nagiekin auskan zebilen tartea, inork ikusi ez zezan. Arnasa sakon hartu eta ahalik eta urrunen jaurtitzen ahalegindu zen, gorputzean pilatutako beldur eta ikara guztiak harekin batera kanporatuko zituelakoan. Jarraian, armairuaren goreneko apaleraino oin-puntetan luzatuta, gutun-azal bat atera zuen oheko arropa artetik eta, atze-aurreak ongi zeudela ziurtatuta mantaleko poltsikoan sartu zuen. Ondoren, tigreak margotuta zituen roulotterantz abiatu zen.
Nagusien karabana erdigunean zegoen, Mariarenarekin parez pare, pauso gutxira. Nahi baino azkarrago gerturatu zen xedera. Urdaileko zurrunbiloa baretu aldera irudiari begira geratu zen une batez. Hiru tigrek lau hanken gainean burua aurreratuta eta biboteak zorroztuta, ehizakiaren gainera noiz salto egingo, biribil erdia osatzen zuten. Erdian idulki baten gainean familia bereko laugarren basabere bat ageri zen. Haren aurrean gizonezko gihartsu batek, gerritik gora biluzik, eskuekin ahoa ireki eta bere burua piztiaren ahoan sartzen zuen.
Mila aldiz ikusia zuen Mariak balentria arriskutsu hura. Eta mila eta batgarrenean ere lehenengoan adinako ikarak astintzen zuen. Gizakiak noiz edo noiz gainditzen du animalia izaera, baina animalia beti animalia esaten zuen. Orduan Damianok barre egiten zion eta hurrengo ikuskizunean laguntzaile eraman behar zuela esaten. Eta Mariak, beldurrak janda, halakorik ez egiteko erregutzen zion. Gogoratze hutsarekin buruko ileak tente jartzen zitzaizkion oraindik.
Sakelan zeraman egitekora bueltatu zuen gogoa; lagunari agindutakoa bete behar zuen, ez zeukan atzera egiterik eta zenbat eta lehenago egin hobe. Gertatu beharrekoa gertatuko zen, berak nahi ala ez.
Ama galdu berri zuen gaztearen atean jo zuen, zalaparta handirik gabe, ingurukoak ez aztoratzeko. Hatz-koskorren kolpeetara mundua paralizatu eta mututu egin zela iruditu zitzaion. Bere bihotz-taupada azeleratuak baino ez ziren entzuten oilarra kukurrukuka hasteko orduan. Nino abaildu, goibel eta bekartsuak ireki zion atea, ortozik eta pijama soinean.
-Zer gertatzen da Maria? -arduratsu hartu zuen gazteak. Zirkukoa odolez gaindiko familia handia bezain batua izaten da, non kide baten poza guztien zoramena bihurtzen baiten eta baten atsekabea gainontzeko guztien dolu.
-Nino -hasi zen hitz egiten Maria, negarrari atea itxi ezinik-. Zuk badakizu zein lagunak izan garen zure ama eta biok. Nire zati handi bat berarekin hil dela sentitzen dut.Ama besarkatuko zukeen modura estutu zuen Ninok bere bular aldean; izan ere, Maria eta ama edo ama eta Maria hain zeuden bat eginda, ezen ama baten lekuan bi izan zituela senti baitzezakeen. Chiararen ama ere bazen gainera. Mariak mantal barrenaren hegaletako bat altxatu zuen begiak lehortzeko.
-Sekula ezagutu dudan emakume maitagarri eta ausartena izan da. Medikuak oso gaixo zegoela esan zionean ere ez zuen inork jakiterik nahi izan; bere indar eta bizipoz guztiarekin egin izan dio aurre azken unera arte. Zu galtzeak, beste ezerk ez zuen beldurtu sekula zure ama. Ez minbiziak ezta heriotzak ere. Jainkoari beste egun bat eman ziezaiola eskatzen zion goizero, familia handi hau gidatzeko adina hazten zinen arte -jarraitu zuen indarberriturik. Ninoren begirada samurrak hauspoa ematen zion jarraitzeko.
-Duela bi aste eskutitz hau eman zidan, eta zin eginarazi zidan bera hil ondoren emango nizula; sekula ez lehenago. Tori bada, eta egiten duzuna egiten duzula jakin ezazu guk guztiok berdin-berdin maiteko… -Ezin izan zuen esaldia amaitu eta Ninoren bularrean ito zituen negar-zotinak.