Síguenos en redes sociales:

Europako argi berdea CIC energiGUNEren 9 proposamenetatik 8ri

Europako argi berdea CIC energiGUNEren 9 proposamenetatik 8ri

CIC energiGUNEk % 90eko arrakasta-tasa lortu du Europako Batzordearen Horizonte Europa deialdian, prestazio handiko baterien garapenari lotutako proiektuak sustatzeko, elektromugikortasunari zein beste aplikazio batzuei begira. Hala iragarri du baterien biltegiratzeari, energia termiko eta hidrogenoko soluzioei eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kide den euskal ikerketa zentroak berak. Zehazki, 9 proiektuetatik 8 finantzatzea onartu du Europak.

"Europako proiektuen artean hain onarpen-maila handia lortzea ez dago edozein erakunderen esku, eta gure pertsonen lanaz eta kualifikazioaz asko esaten du", ziurtatu du Raquel Ferret CIC energiGUNEko Negozio Garapeneko zuzendariak. "Gure merituengatik gaude Europako energia biltegiratzearen eta mugikortasunaren industriaren garapena markatuko duten eragileen taldean, eta Horizonte Europa 2021 deialdiaren emaitzak errealitate horren isla dira", adierazi du.

CIC energiGUNE da onartutako zortzi proiektuetako baten liderra, eta bazkide teknologiko garrantzitsua da gainerakoetan; besteak beste, Toyota, Renault, Innoenergy, Umicore edo Avesta enpresek parte hartzen dute proiektu horietan, baita ospe handiko erakunde zientifikoek ere, hala nola Frantziako Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionalak (CNRS), Picardieko Jules Verne Unibertsitateak eta Austriako Teknologia Institutuak (AIT). Gainera, proiektu batzuen barruan, BRTAko beste kide batzuk ere sartzen dira, hala nola Ikerlan eta Cidetec, baita Euskal Herriko Unibertsitatea, Zabala edo Polymat Fundazioa ere, eta horrek agerian uzten du Euskadik baterien arloan duen posizio nabarmena.

Horizonte Europa finantzaketa duten 8 proiektu

Zehazki, euskal zentroak HELENA proiektua koordinatuko du. Proiektu horren helburua egoera solidoko halurozko bateriak garatzea da, ibilgailu elektrikoentzat eta, bereziki, aireontzientzat, abiazio elektrikoa datozen 5-10 urteetan aireratzeko prest egongo dela uste baita. Euskal zentroaren lana kritikoa izango da; izan ere, proba elektrokimikoak eta irudi termikoak konbinatuko dituen metodologia berria garatzeaz arduratuko da, estres mekanikoa zehazteko eta baterien bizi-zikloan litioaren estaldura identifikatzeko eta kuantifikatzeko, horrela birziklatze-erabakiak optimizatzeko. Partzuergoko bazkideen artean daude, besteak beste, Austriako Teknologia Institutua (AIT), Belgikako Umicore enpresa, Herbehereetako LionVolt, Alemaniako CustomCells eta Euskal Herriko Zabala Innovation Consulting.

Horizonte Europa 2021en finantzaketan sartuta dauden eta CIC energiGUNEren partaidetza duten gainerako proiektuei dagokienez, egoera solidoko bateriarekin erlazionatutakoak nabarmentzen dira, arlo horretan euskal zentroa nazioarteko erreferentzia baita. Horrela, ABEE-Avesta Battery & Energy Engineeringek koordinatzen duen ADVAGEN proiektuak litiozko metalezko bateria-gelaxkaren (LiM) teknologia berria garatu nahi du, egoera solidoko elektrolito hibrido seguru, fidagarri eta errendimendu handikoan oinarrituta, mundu mailako lehiarako Europari abantaila lehiakorra lortzea ahalbidetzeko.