Mungian energiaren sektorerako ekoizpen-zentro berri bat jarri du martxan Urbegik. Industria, zerbitzu eta eraldaketa sozialaren arloetan lan egiten duen euskal enpresa talde honek, ekoizpen-zentro berria ireki berri du Mungiako Belako Poligonoan.

Urbegi enpresa-taldetik azaldu duten bezala, “Enplegu Zentro Berezia da, eta goi-tentsioko ekipo elektrikoetarako azpimultzoak lantzen ditu, mundu osoko enpresa elektrikoentzat eta energia berriztagarriak sortzeko instalazioentzat”. Horretarako, muntaketa-, mihiztatze-, kableatze- eta packaging-eragiketak egiten ditu, besteak beste.

Zentro berriaren irekierarekin, batez ere “Bizkaian bizi diren desgaitasuna duten pertsonei lan-aukerak eskaintzea bilatzen da, eta, aldi berean, enplegu-zentro berezietarako indarrean dagoen hitzarmenean ezarritako baldintza ekonomikoak hobetzea”, diote.

Mungiako Belako Poligonoan dagoen Urbegiko instalazio berria, irailaren 2tik dago martxan. Azpimarratzekoa da une honetan 10 pertsona enplegatzen dituela, zuzenean eta zeharka, eta gainera, aipatu dutenaren arabera, 2022rako hazkunde-aurreikuspenak ditu.

Erreferente bat

Lantoki berri hau abian jartzea Urbegiren estrategiaren barruan kokatzen da, Estatuko enplegu-zentro berezien erreferente baita, energiaren sektorerako lan eginez, eta, zehazki, ekipamendu elektrikoaren fabrikatzaileen-tzat. Eta zailtasunen bat duten pertsonak lanean ari diren instalazio honekin, zeinetan, gainera, langile gehiago sartuko diren, norabide berean urratsak ematen jarraitzen du.

Sektore horretan, “Urbegik badu lantegi bat Mexikon, 5.000 m2 eta 200 langile dituena, eta horien % 40 kalteberatasun-egoeran dauden emakumeak dira”. Sektore elektrikorako Urbegiko instalazioak Balmasedako (Bizkaia) plantarekin osa-tzen dira. Bertan 140 pertsona inguruk lan egiten dute, eta gehienek desgaitasunen bat dute. Oro har, Urbegi taldea osatzen duten enpresek 600 langile baino gehiago dituzte instalazio guztietan lanean.