Mungiako Udalak, Bigarren Hezkuntzako Mungia Institutuarekin elkarlanean, bullying-ari buruzko hitzaldia antolatu du. Iñaki Zubizarretak emana, haurtzaroan bizi izan zuen eskola-jazarpenari buruzko testigantza emango du. Maiatzaren 6an izango da, 18: 00etan, Olalde Aretoan. Maiatzaren 2an, Bullying edo Eskola Jazarpenaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Bullying-aren arazoa ikusarazteko eta horren inguruan kontzientziatzeko balioko du. “Eskola-esparruetako hormak gainditzen baititu eta familia-, pertsona- eta gizarte-eremuetara iristen baita”, azaldu dute.

Bakarne Egia Gizarte Ekintza, Berdintasun eta Gazteria zinegotziak adierazi duenez, “lehentasunezkotzat” jotzen du “eskola-jazarpenaren inguruko problematika ikusaraztea ahalbidetuko duen esku-hartze bat egitea, eta gazteei eta haien familiei hori kudeatzeko, tratatzeko eta sala-tzeko tresnak ematea (sufritzen dutenek edo ikusten dutenek eta pausoa emateko beldur direnek)”.

Iñaki Zubizarretak, saskibaloi jokalari ohiak, eskola jazarpena jasan zuen, 11 urterekin bere buruaz beste egitea planteatzeraino. “Orain, nekaezin lan egiten du antzeko egoeran dauden beste haur batzuei laguntzeko. Berea gainditze eta itxaropen istorio bat da”. Hitzaldiaren helburua arazo honen inguruan kontzientziatzea da, baita gaitz hori saihesteko mekanismoak bilatzea ere, “Gaur egun haur eta gazteentzat arrisku izugarria bihurtu delako”, aipatu du Egiak.

Halaber, gogorarazi du eskola-jazarpena arazo bat dela hezkuntzaren esparruan, eta, gainera, areagotu egin dela eta teknologia berrien bidez, ‘Ziberjazarpena’ dela eta. Bullyingak edo eskola-jazarpenak ondorio kaltegarriak ditu haurren eta nerabeen osasun fisikoan, ongizate emozionalean eta errendimendu akademikoan, “batez ere indarkeria hori denboran zehar errepikatzen bada edo larria bada, eta ikastetxeko eskola-giroan eragiten du”.

Hitzaldirako lekua mugatua izango da eta 18 urtetik gorako jendeari zuzenduta dago. Doakoa da, baina aldez aurretik gonbidapen bat eskatu beharko da gizartekin-tza@mungia.eus posta elektronikoaren bidez.