Mungiako Liburu eta Disko Azokaren beste edizio bat hasi da jada. Atzo inauguratu zuten azoka honen edizio berria, Matxin plaza kulturaz beteko duena eta hamaika liburu eta disko ekarriko dituena. Euskal literaturaren umorea izango da protagonista nagusia aurtengoan. Atzo hasita, eta apirilaren 18ra arte, Matxin Plazak euskal kulturaren adierazgarri izango diren 14 erakustoki jasoko ditu.Euskadiko Liburu Ganbarak antolatuta, Mungiako Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiren eta Euskadiko Editoreen Elkartearen laguntzarekin bueltatu da azoka kultural hau Mungiara. Mungiarrek liburuak eta diskoak eskuratzeko aukera izango dute, eta horien artean izango dira azken nobedadeak ere. Hain zuzen ere, “Matxin Plazan euskal kulturaren zein kanpokoaren adierazgarri diren lanak topatu ahalko izango dabez bisitariek liburu-denda, banatzaile eta argitaletxeek antolatutako erakustokietan”, azaldu dute Udaletik.

Aurtengo gaiari dagokionez, umoreaeuskalliteraturan izango da azokako gaiaren ardatza; izan ere, Asier Muniategik, Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileak, azaldu duenez, “umore eta alaitasunaren beharrean bizi gara gaur egun”. Horren ganera, irakurtzearen inguruko zaletasuna bultzatzea bere ekimen honen helburu dela adierazi zuen Muniategik, liburuen protagonismoa goraipatzeaz aparte.

Idazleak

“Kontuan izanda umorea izango dela aurtengo azokaren protagonista, azpimarratu egin behar da Jon Arretxe idazleak ostegunean, hilak 15, Torrebillelan eskainiko duen berbaldia, arratsaldeko 19.00etatik aurrera”. Gainera, asteburuetan, euren lanak Matxin Plazan sinatuko dituzten idazle ezagunak ere hainbat izango dira; kasurako, Jon Arretxe bera, Miren E. Palacios, Javier Sagastiberri eta Anton Arriola.

Azokaren jendaurreko ordutegia 11.00ak eta 14.00ak bitartekoa izango da goizetan eta 17.00ak eta 20.30ak bitartekoa arratsaldeetan; saltokietan mota desberdinetako edukiak eskuratzeko erea izango dute bisitariek, eta, gainera, kasu askotan %10eko beherapena egingo da prezioan. “Eskuragarri egongo diren lanen artean, Karmele Jaioren Aitaren etxea, Jasone Osororen Festa eta Jon Arretxeren Trumoiaren alaba lan berriak izango dira bertan”. Haur- eta gazte-literaturaren alorrean, berriz, Toti Martínez de Lecearen Lurren abenturak eta Pirritx eta Porrotxen lanak izango dira besteak beste.

Gainera, Dolores Redondoren Los privilegios del ángel eta Isabel Allende, Arturo Pérez-Reverte, Juan Gómez Jurado edo Javier Sierra bezalako idazle ezagunen liburuak ere eskuragarri egongo dira, gaztelaniazko eskaintzen artean. Ohikoa denez, euskal musikaren adierazgarri nagusien diskoak ere eskuragarri izango dira Mungiako azokan; esate baterako, Berri Txarrak, Ken Zazpi, Gatibu, Zea Mays, Go!azen, Benito Lertxundi, Mikel Urdangarin, Ruper Ordorika...

Mungiako Liburu eta Disko Azokaren edizio berri hau urteko lehena izango da Euskal Autonomia Erkidegoan eta, honen ostean, 2021 urtean zehar beste 13 antolatzea aurreikusita dauka Euskadiko Liburu Azoken Batzordeak. Hurrengo geltokiak Bermeo, Laudio, Amurrio eta Barakaldo izango dira beste ba-tzuen artean, beraz, kultura Bizkaia osoan zabalduko dute azoka honen bitartez.