- Osasun-egoera dela eta kultura ekitaldien pertzepzioa hainbeste aldatu den garai honetan, Roberto Etxebarria trikitilaria, Gatikarra jaiotzaz baina Maruri-Jatabeko biztanlea, Olalde Aretoko oholtzara hasi berriaren ilusioz igoko da bere lan berria aurkeztera. Berarekin batera, Miren, bere alaba izango da, euskal musikaren belaunaldien arteko transmisioa bermatuta.

Nola definituko zenuke Hamaikatxu kopla... pandero baten konture!

—Izenak berak adierazten duen moduan, pandero eta koplak dira lan honen oinarria, honekin, aspaldi pandero hutsean egiten ohi ziren erromeriei keinu bat eginez; panderoa diogunean, zelan ez, ahotsa barnean sartzen delarik. Lan honetan guztira dauden hamahiru kantuetatik hamaika, koplaz jantzirik agertzen diren doinuak dira, doinu herrikoiak eta nire sorkuntzako doinuak tartekatuz; horretatik bik trataera berezia daukate ahots eta pandero hutsez egonda, tradiziozko musikaren sustraietara garamatzalarik.

Zein berrikuntza somatu ahal izango dituzte entzuleek?

—Pandero eta ahots hutsean kantuak aurkeztea, ez dakit guztiz berrikuntza ote dan, baina Euskal Herrian behintzat, ez da asko landu den esparrua, ohikoa delako beste tresna melodikoren batek lagunduta agertzea. Beste alde batetik, betiko trikiti doinuetan, jota edo porrusalda, zati instrumental bezala ezagutzen ditugun ataletan, koplak txertatu ditugu, kantatu izan zitezkeenaren , aspalditik izan dudan susmo eta ideia borobilduz. Eta baita ere, doinuak bi modutan aurkezteko moduan tratatu ditut lan honetan; sinpleenetik hasita, pandero eta ahots hutsean, banda osoaren laguntzarekin aurkeztu ahal izateko moduan.

Miren, zure alabarekin batera igoko zara Olalde Aretora, belaundaldi aldaketa baten bermearen zain, agian?

—Itxaroten dut momentuz ezetz! Indartsu, gogotsu, eta baikor senti-tzen naiz oraindik urte luzeatan lan barriak aurkezteko eta ibilbidea oraindik bere osatzen joateko. Zorionez, hirugarren belaunaldia naiz: Rufino Arrolagaz hasitako bidea, Kepa Arrizabalagagaz jarraitutakoa, hau da, nire belaunaldia, eta orain alabaren belaunaldiarekin batera urte batzuk eman ahal izatea da nire asmoa. Beraz, belaunaldi aldaketaren bermearen zain baino, trasmisioa ziurtatzeko ibilbidea jorratzen eta bermatzen esango neuke.

Osasun-egoera dela eta, ezohiko kontzertua izango da Mungiakoa...

—Bai, hala da; aurkezpen kontzertua izanda, egoera arraro honetan, aurrean eduki nahiko genituen lagun asko faltako dira; baina, dena ezin da alde txarretik ikusi, eta alde baikorretik begiratuta, arazo honek eman digun denbora gehigarri horrekin, aspaldiko urtetan izan ditudan proiektuak borobiltzeko astia izan dut , eta, alde horretatik, gaitzerdi. Bide batez, eskerrak eman, ezohiko egoera honetan , kultur ekitaldiak burutzeko ateak zabaltzen dizkiguten eragileei.

... eta, jarraian, Durangoko Azokara bidean...

—Bai, nola ez. Durangoko Azoka urteetan euskal kulturaren erreferentea dugu eta, horretaz baliatuz, ia ezinbestekoa bihurzten da bertan egotea; gure kasuan lan berria erakusleihoan egonda, eta Ahotsenenean, abenduaren 7an zuzeneko saioan lana aurkeztuz.

Oso ibilbide luze eta nabarmena daramazu trikitixaren munduan, nola ikusten duzu tresna honen eta, orokorrean, euskal musika tradizionalaren testuingurua?

—Denetarik eta asko ikusi izan dot 1983 urtean jotzen hasi nintzenetik; testiunguru, modak, eta gizartea eraldatzen doan einean, euskal musika tradizionala ere egokitzen doa, eta soinu-txikerraren kasuan, konsolidatuta dagoen musikatresnatzat hartzen dut. Baserri girotik aparte, badira urte batzuk kalera salto egin zuela, eta gure musika Euskal Herritik kanpo ere ezaguna egin da.

Amaitzeko, etorkizunera begira, zeintzuk dira zure musika arloko intentzioak?

—Momentuz, lan honetaz gozatu, zuzeneko batzuk eskeini, eta eskuartean daukadazan proiektu desberdinei forma emoten joango naz, horreetariko batzuk, nahiko aurreratuta daude, beraz, 2021a urte oparoa izango dela itxaroten dut ilusio eta gogo handiz.