Covid-19ak eragindako izurriteak oso ondorio larriak izan ditu arlo desberdinetan, esate baterako nekazaritza eta abeltzaintzaren munduan. Koronabirusak daukan pertsonen arteko kutsaketa arriskua dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta luuralde historiko desberdinetako gobernuek azokak bertan behera uztea erabaki zuen, hauetara hurbiltzen den jende ugariaren arteko hartu emana oso arriskutsua izan daitekeela argudiatuta. Behin maiatza helduta eta konfinamendua bukatuta, baserritarrak euren plazak berreskuratzen joan dira gutxinaka eta, oraingoan, Mungiako ganadu-feria izango da itzuliko dena. Otsailetik itxita egon eta gero, eskualdeko ekimen garrantzitsuenetarikoak herriko Ferialekuko postutxoak kalitate handiko produktuz gainezka beteko ditu domeka honetan, urriak 18. Gainera, bertan aurkitu ahal izango diren animaliak erre protagonista izango dira; batik bat behiak, abel-gorriak, astoak, ahuntzak eta pottokak. Ganadu feriako ekoizleen jatorriari dagokionez, Mungialdeko baserritarrek oso ordezkaritza nabarmena izango du domekan eta, abeltzaintzaren kasuan batez ere, kanpoko jende asko izango da euren animaliak erakutsi eta saltzen; esate baterako, Sukarrieta, Iurreta, Turtzioz, Laudio edota Kantabria aldekoak.

Goiz osoan zehar, Mungiako Ferialekura hurbiltzea erabakiko duten pertsonek oso aukera polita izango dute eskualdeko produktuak eskuratzeko, dastatzeko edota ikusteko. Hala ere, zenbait ekintza izango dira bertan; batik bat animalien salmenta eta erosketa, barazki, fruitu eta bestelako jakien salerosketa edota bestelako jarduerak ere. Txakurrak gustoko dituztenentzako ere topagune aparta izango da domekan ospatuko dena, izan ere, herriko txakurrak adoptatzeko aukera izango da bertan. Azken hilabeteetan ezarri diren segurtasun-neurriek ere oso presentzia nabarmena izango dute Ferialekuan. Bertaratutako pertsonen artean gutxiengo segurtasun-distantzia bat mantentzea beharrezkoa da eta, gainera, gel hidroalkolikoa ere izango da bertan. Honela hurbilduko diren familia koadrila eta norbanakoen segurtasuna bermatzea posible izango da eta, honela, ganadu-feriaren itzulera segurtasun osoz gozatzea ahalbidetuko da.

garrantzi kulturala

Udalak eta Jata-ondo elkarteak antolatutako azoka honen itzulerak oso garrantzi handia izango du Mungiako biztanleriarentzat, izan ere, herriko kulturak oso harreman estua izan du historikoki eta oraindik ere nekazaritza eta abeltzaintzaren munduarekin. Horrela azaldu zuen Matin Olazak Mungia eta Mungiarrak idazkian “baserritarrentzatz beharrezkoa dena, baserrian bertan” esaldiaren bitartez. Beste alde batetik, Mungian hilabete bakoitzeko hirugarren igandean ospatzen den azoka honek oso garrantzi handia dauka Bizkaia mailan, izan ere, lurralde historikoan urtean zehar modu iraunkorrean ganadu azoka antolatzen duen herri bakarra bait da Mungialdeko hiriburua. Gainera, 2008 urtetik Cittaslow ekimenaren barne bilakatu zen, bertan zero kilometroko produktu naturalak aurkezten direlako bertan. Horrenbestez, domekan Mungiara hurbiltzea erabakitzen dutenek oso aukera ona izango dute kalitate handiko produktuak eskuratu eta herriko kulturaz gozatzeko.