Nahiz eta ikasturte hasiera honetan ezjakintasuna eta urduritasuna nagusi izaten ari diren kasu askotan, Larrabetzuko gaztetxoek euren aisialdirako espazioaren erabilera gozatu ahal izango dute datorren ostegunetik aurrera. Ludoteka berriro martxan jartzeko eta bertaratuko diren umeen segurtasuna bermatzeko, datozen hiru hilabeteetarako funtzionamendu protokolo bat ezarriko du Udalak eta, behin epe hau bukatuta, egoeraren garapenaren arabera hau luzatu edo aldatzen joango da. Ordutegiari dagokionez, astelehen eta bariku bitartean egongo da espazio hau irekita, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara eta, aurretik, bertoko barnealdea eta tresnen desinfekzio lanak egingo dira, 16:30ak eta 17:00ak bitartean. 2013 eta 2016 urteen artean jaiotakoek erabili ahal izango dute espazio hau eta, izen-ematea aste honetan zehar egin beharko dute. "Oraingoan taldeak txikiak izango dira eta ziurrenik ludotekara joan ezinda geratuko diren haurrak ere egongo dira. Mesedez, hori kontuan izan eta izena ematerakoan bertaratzeko konpromezua hartu. Haurren batek joan ezin badu abisatu egin behar da. Justifikatu gabeko etengabeko huts egiterik badago neurriak hartuko dira", azaldu zuten udal-korporaziotik. Gainera, eskoletan bezala, burbuila taldeak izango dira kutsaduren jarraipen erreza egin ahal izateko.

Barneko araudia ere nahiko zorrotza izango da, zenbait arau betetzea beharrezkoa izanda; gurasoak ezingo dira ludotean sartu eta haurrek kanoan utzi beharko dituzte oinetakoak, ezin da janaririk sartu ludotekara eta, aldi berean, debekatuta egongo da kanpoko jostailu edo jolasak eramatea. Beste alde batetik eta erabiltzaileen jarrerari erreparatuta, aisialdi guneko hezitzailearen ardura izango dira bertan izandako arazoak. Amaitzeko, derrigorrezkoa izango da bertoko materiala modu egokian erabiltzea eta erabilitakoa batu beharko dute umeek.