- Uda da pertsona askorentzat urteko garai ederrena. Urtaro honek dakartzan egun eguzkitsu eta tenperatura altuek oso paisaia ikusgarriak margotzen ditu euskal paisaietan eta, hau kontuan izanda, Mungiako argazkizaleek egun hauek aprobetxatuko dituzte euren herriko irudi bikainak eskuratzeko. Kasu askotan, Mungiharro txapelketaren 2021eko edizioan parte hartzeko erabiliko dira argazkiak, izan ere, martxan da jada datorren udal-egutegia irudikatzeko ekimena, Mungiako Udalak antolatuta.

Urtero, ehundaka irudi jasotzen ditu antolakuntzak herriko txoko desberdinen edertasuna edota bertoko kultura eta ondarearekin lotura daukatenak modu artistikoan islatuta. Aurtengo kasuan, lau urtaroak dira lehiaketa inguratzen ari diren gaia, horrenbestez, hilabete honetan oso une aproposak aurkitu ditzakete partaideek udako argazkiak eskuratzeko. "2021eko edizio honetan, udal-egutegiaren bidez, Mungia lau urtaroen ikuspegian zelangoa dan erakutsi gura dogu, hau da, gure kaleak, gure jentea, eraikinak, parkeak, ingurunea, monumentuak, dandak, baserriak, jarduerak... Dena urtaroen guardasolpean, gure herria udagoienean, neguan, urdabarrian eta udan", azaldu zuten Mungiako Udaletik.

Mungiharro lehiaketaren edizio berri honetan parte hartzeko, beharrezkoa izango da 18 urteak beteta izatea, hau da, adin nagusikoa izatea. Lanak entregatzeko epeari dagokionez, irekita dago jada inskripzioa eta horrela mantenduko da urriaren 20ra arte, horrenbestez, oraindik ere udaldiko argazkiak eskuratzeko aukera bikaina daukate mungiarrek. Argazkiak entregatzeko hiru bide ahalbidetu ditu antolakuntzak. Batetik, mungiarron.egutegia@gmail.com helbide elektronikora bidali daitezke, irudien egilearen datuak atxikita. Beste alde batetik, modu fisikoak Herritarrentzako Atentzio Zerbitzuko bulegora eraman daitezke modu fisikoan eta, amaitzeko, ohiko posta zerbitzuaren bidez bidali daitezke udaletxera, Trobika kaleko lehengo zenbakira, 48100 posta kodearekin. Mungiharro txapelketa bat dela kontuan izanda, logikoa denez, irabazleak oso sari na eskuratzeko aukera izango du; batetik, udal-egutegiko azalean bere lana azaltzea eta, bestetik, 300 euroko saria, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduetan gastatzeko. Modu honetan, Udalak barne ekonomiari bultzada nabarmen bat ematea dauka helburu, izan ere, osasun-egoera larriak oso ondorio zailak ekarri ditu herriko enpresa txikientzako eta, horrela, herriko denda, taberna, jatetxe eta bestelakoetako kontsumoa sustatzea lortzen da.

Informazio hau kontuan izanda, mungiarrek badauzkate arrazoi nahiko euren argazki kamerak hartu eta herriko txoko desberdinetara hurbiltzeko irudi bikainak eskuratzeko eta, agian, lehiaketa honetako saria lortzea saiatzera. "Atara zure maskararekin eta urtaro eder honetako argazkiak atera Mungian, gure herriko toki ederretaz gozatuta udako egun egukzitsuetan", animatu zuen Udalak Mungiako biztanleria. Horrenbestez, eguraldiak emandako aukera paregabe hau aprobetxatuta eta, noski, covid-19aren aurkako segurtasun-neurriak hartuta, herritarrek euren sormena martxan jarri behar dute euren herria irudikatzeko.