Bizkaiako herri gehienetan bezala, koronabirusak hainbat pertsona kutsatu ditu Mungian ere. Honen aurrean, Ager Izagirre alkateak bere desiorik onenak adierazi ditu gaixoei. Gainera, Udalak hainbat neurri hartu ditu biztanleriaren seurtasuna bermatzeko eta beste hainbat planteatzen ari da krisialdi honen eragin negatiboak murriztu eta ezabatzeko.

Zer nolako eragina izan du larrialdi egoerak Mungian?

—Euskadi osoan izaten ari diran antzekoak. Lehenengo eta behin, gaixotasunak jota dagoazan, eta horren eraginez sufritzen ari diran mungiarrei, nire besarkadarik handiena eskeini gura deutsiet eta aldi berean, behar daben edozertarako hemen gagozala eta ez eukitea zalantzarik Udalagaz hartuemonatan jartzeko. Ahal dogun guztia egingo dogu eurengaitik. Esan behar dot bere, mungiarrak oso ondo ari garala ezarritako neurriak betetzen, eta gainera, boluntario talde izugarria daukagu bai Babes Zibila, bai Gurutze Gorriaren eskutik, behar dabenei laguntzen. Horrek guztiak harrotasun puntu bat emoten deust, jendearen inplikazinoa eta jarrera ezin hobea izaten ari dalako. Baina ezin da ukatu, holako neurriak, pertsona askoren egunerokoan eragin zuzena daukala, eta hori da gehien kezkatzen gaituena momentu honetan. Guk beti dinogu, pertsonak dirala gure ardurarik handiena, eta orain bere holan da.

Zein neurri hartu ditu Udalak?

—Alde batetik, Eusko Jaurlaritza eta Gobernu zentralak agintzen dabezan segurtasun neurri guztiak bete doguz, osasuna dalako gure lehentasuna momentu honetan. Udaltzaingoa arduratzen da horretaz, bere beste zereginak ahaztu barik. Horregaz batera, eta lehen aipatu dodazan gaietaz aparte, zerga bilketa guztia atzeratu dogu, eta aurretiaz kobratuta euki doguzan eta emongo ez doguzan zerbitzuen kostua, herritarrei bueltatuko jakie. Beste alde batetik, herriko merkataritza eta ostalaritza laguntzeko intentzioarekin Mungia Indartzen ekimena jarriko dugu martxan. Hauekin batera beste hainbat neurri hartu ditugu; pertsona dintsuekin harremana mantenduta, justutxu ibili diranei Gizarte Zerbitzuaren bidez laguntzen, indarkeria matxista ekiditeko tresna guztiak martxan izanda...

Nolako jarrera azaldu du biztanleriak?

—Mungiarren jarrera ezin hobea izaten ari da. Benetan harro egoteko

modukoa. Edade guztietako herritarrak, bakoitza bere erara eta bere aukeren arabera, daukan onena emoten dabil. Etxean geratuz eta bertotik lan egiten, umeak eta gazteak, euren ikasketakaz jarraituz, pertsona nagusiak euren eskarmentua eta lasaitasuna trasmitituz, beharrera joan behar diranak eta gitxienezko zerbitzuak mantentzen dabezanak, osasun saileko eta Udaleko langileak. Boluntario talde nabarmena daukagu Babes Zibilak eta Gurutze Gorriak koordinatuta eta isilean auzokoei laguntzen dabilen jendea ere aipatzekoa da. Eta horrez gain, herritar askok euren kabuz egiten dabizen ekimenak, guztion animoak ahalik eta altuenak izan daitezan. Izugarria da gainera egunero, balkoietatik trasmititzen dan alkartasuna eta komunitate lez aurrera egiteko gogoa.

Zein mezu bidaliko zenieke, alkate bezala, mungiarrei?

—Lasaitasuna, guztion artean gaixotasun honeri aurre egiten ari gara, eta adituen esanetan bagoaz etapak betetzen eta aurrera egiten. Gainera Udaletik egunero gabiz beharrean eta gure baliabide guztiak honetara bideratuta dagoz, beraz, jarraitu holan, arduratsu jokatzen eta arazoren bat badaukie, gugaz kontaktuan jartzea.