- Berrogeialdi honetan, Bizkaiako biztanleria etengabe dabil buruari bueltaka denbora librea modu emankor batean igaro ahal izateko. Orokorrean, jendea mota askotako jarduerak egiten ari da; sukaldatzen, kirola egiten, euren etxebizitzak ordenatzen, etxeko gaztetxoekin jolasten eta abar luze bat. Honen aurrean, asko izan dira sare sozialak bezalako plataforma desberdinetatik euren ideiak partekatzen ari direnak, esate baterako Koldo gazte mungiarra. Orain dela hainbat urtetatik, papiroflexiaren inguruko zaletasun handia eskuratu du berak, origami izeneko teknika japoniarra erabilita zehazki. Paper bat hartuta, forma desberdinak egiten ditu eskuak erabilita. Ondoren, hauek margotu edo bere gustora apainduta irudi bikainak lortzen ditu; batik bat, igelak, itsasontziak, arrainak eta bestelako hainbat animalia.

Bere trebezia eta afizioa ikusita, berrogeialdi honetan interneten bidezko origami eskolak eskaintzea erabaki zuen Koldok bere familiarekin batera. Hortaz, bere ama Uribe-Butroe eskualdeko berbalaun elkarteko kidea dela kontuan izanda, honen blogean egunero bideo bat erakustea hautatu zuten, egunean irudi desberdin bat erakusten jendeari, dena euskaraz. "Orokorrean, nahiko forma errazak erakusten ari da Koldo egun hauetan, izan ere, kontuan izan behar da hiru urtetik gorako ikusleei zuzenduta dagoela tailer hau. Egunero gure bideoa web-gunean eskegitzen dugu eta ondoren bide desberdinen bitartez zabaltzen dugu. Beste alde batetik, jendeak euren etxeetan gure bideoak oinarri hartuta egiten dituzten irudien argazkiak jasotzen ditugu eta hauek ere argitaratzen ditugu", azaldu zuen Koldoren amak.

"Kaixo koadrila!", esaldi honekin ematen die ongi etorria mungiar gazte honek bere bideoen ikusentzuleei. Hauen bitartez, hainbat dira Koldok betetzen dituen helburuak bere amaren arabera: "Batetik, jendeari origamia bezalako teknika dibertigarri eta erabilgarri bat beste haur batzuei erakustea oso ondo dago eta, gainera, berrogeialdi honetako aisialdia igarotzeko oso modu iteresgarria da, horrela umeak telebistaren aurrean zein bideojolasekin ez aritzeko egun osoan zehar. Beste alde batetik, ikusi genuen interneten bidezko aisialdi asko zegoela, baina oso gutxi euskaraz, horregatik uste dugu oso garrantzitsua dela euskararen bidezko aisialdia sustatzea eta, gure kasuan, #BirusakEzGaituMututuko traolaren bidez ari ara hau zabaltzen".

Hala ere, beste zentzu bat dauka Koldo antolatzen ari den tailerrak. Koronabirusaren hedapen eta hau izaten ari den afekzio neurria dela eta, hainbat dira pentsamendu ezkorrak dituzten pertsonak eta, kasu honetan, jendea alaitzeko teknika desberdinak erabiltzen ari dira Koldo eta bere familia: "Oso garrantzitsua da biztanleriari irribarre bat sorraraztea, horregatik gure etxeko balkoian mural koloretsu bat daukagu eskegita. Bertan, egun desberdinetan mezu baikorrak marrazten ditugu kaleetako giroa alaitzeko. Bestalde, Koldok egiten dituen origami irudi txikiak ere kaleetara jaurtitzen ari ara mezu desberdinak helarazita jendearen konpromezua eskertuta edo animoak bidalita". Hau kontuan izanda, esan daiteke Koldo eta bere senideak oso aisialdi aukera positiboa eskeintzen ari direla, etxetik auera gabe, noski.