MUNGIA. Mungiako entitate eta elkarteak Emakumearen Nazioarteko Eguneko, martxoak 8ko, egitaraua jo ta su prestatzen dabiltza azken egunetan. Aurtengoan ez da data zehatz hau izango jarduera desberdinen eszenatoki, izan ere, domeka dela ikusita, inguruko egun desberdinetan antolatuko ditu ekin-tza desberdinak. Bihar bertan hasiko dira hauek. Goizean goizetik, Udal-korporazioak mezu instituzionala igorriko du eta jarraian, goizeko 8:45etan, Andra Mari Gunean emakume baserritarrentzako larrosa banaketa egongo da, haien lan garran-tzitsua omentzeko asmotan. Gainera, Marwako, emakume arabiarren elkarteko, kideak bertan izango dira txokolate beroa banatzen. Behin bazkalordua ailegatuta, herriko emakumeak Palacio Urgoiti jatetxean bilduko dira Diz-Diz Kultur Elkarteak, Udalaren kolaborazioarekin, antolatutako bazkarian. Aurtengoan, 60 pertsona inguru biltzea aurreikusten da eta, jada mahaikideen sabelak beteta, dantzaldi bat egongo da bertan. Biharko ekintza sorta luzearekin bukatzeko, emakumezkoentzako autodefentsa tailerra jasoko du udaletxeko erakusketa aretoak arratsaldeko 16:30ak eta 20:30ak bitartean.Datorren zapatuan, hilak 14, herriko kaleak jendez gainezka egongo dira Berdintasunaren Aldeko Martxa dela eta. Bertan, bi ibilibide izango dira; lehenengoa, 18:00etan aterako da eta hiru kilometroko luzeera izango du eta bigarrena, ordea, 18:15etan 1.700 metroko ibbilbidearekin. Udalaren arabera, azken hau egokia izango da familiarekin egiteko. Halaber, arratsalde berean, Diz-Diz Elkarteko antzerki tailerreko kideek ¡Manos arriba, esto es una boda! antzezlana aurkeztuko dute arratsaldeko 19:30etan Olalde Aretoan. Jadanik, sarrerak eskuragarri daude antzokian bi euroren trukean aste barnean 18:00etatik 19:30etara eta egun berean 18:00etatik aurrera. Amaitzeko, hurrengo egunetan, Memoria eraikiz tailerra izango da eta, gainera, Matriarcado vasco, realidad o ficción hitzaldia ere eskiniko du Toti Martínez de Lecea idazleak, Diz-Diz Elkarteak antolatuta.