lezama - Bizkaiako beste herri askotan bezala, Lezamako Goitioltza auzoko biztanleak irrikitan daude asteburu honetan datozen euren jai ofizialak ospatzeko, hots, uztailaren 12 eta 14 bitartean ospatuko den ekitaldi multzo berezia. Barikuan, arratsaldeko 18:30tan izango da jaien hasiera ofiziala txupinazoaren eskutik. Ordu berean, haurrentzako jolasak egongo dira eta 21:00etatik aurrera Xaibor DJ-ak disko festa eskeiniko du. Hurrengo egunean paella txapelketa izango da jardunaldiko ekitaldi garrantzitsuena. Goiz osoan zehar auzoko biztanleak sutondoan arituko dira arroz gozoena egiteko, Kurztea Dantza Taldeak eskainiko duen dantza emanaldiaz gozatzeaz gainera. Arratsaldeko 18:30tan Urtza taldea igoko da eszenatokira eta, bere ostean, Mixerableak. Gaueko 22:00tan, Joxpa erromeria izango da eguneko programazioa ixteaz arduratuko den taldea. Domekari, hau da, jaietako azken egunari dagokionez, eguerdian ospatuko da eguneko ekitaldi bakarra. 13:00tatik aurrera txakoli dastaketa ospatuko da Arkaitz Estiballesen bertsoek eta Imanol Ituñoren magia erakustaldiak lagunduta. - O. Pérez