mungia - Urte hasieran adostu bezala aurrekontu orokorretan, Mungiako Udalak aurrekontu partehartzaileen araberako proiektuak lantzeko asmotan dago. Ekainaren 1ean hasita eta hilak 16ra arte, biztanleriaren txanda heldu da gobernuak aurkeztutako zortzi proiektuen artean garrantzitsuenak hautatzeko, izan ere, esku-hartze aurrekontuen bigarren fasea martxan da jada. Lehengo pausoak urtarrilaren 21a eta otsailaren 10aren artean antolatu zen; epe hauen bitartean, Mungiako biztanleriak 195 proiektu proposatu zituen herria eta bertoko bizitza hobetzeko asmoz. Udaleko alderdi politiko guztietako kideek, behin ekarpen guztien inguruko azterketa tekniko eta ekonomikoa egin ostean, zortzi proiektu bigarren fasera eramatea erabaki dute. Analisi fasea gainditutako ekintzak burutzeko 400.000 euro izango dira, aurrekontu orokorren arabera.

Ekarpen nabarmen hauen artean mta askotariko ideiak daude. Hirigintzari dagokionez; autokarabanentzako aparkaleku berri bat eraikitzea, Olalde Aretorako zubia berriztea, Andra Mari kalea oinezkoentzako bidea bilakatzea, herriko txakurrek jolastu ahal izateko guneren bat eraikitzea eta Bentades eskola alboko gune estaliko errokodromoa konpontzea izan dira biztanleriak proposatutako eta Udalak hautatuako proiektuak. Kultura eta gizarte arloak ere bere zer esana izango dute aurrekontu partehartzaile hauetan. Torrebillela Kultur Etxean haur mungiarrentzako jardueren antolakuntza areagotzea gustatuko litzaioke biztanleriari eta, bestalde, Olalde Aretoa herriko kultur baliabide esanguratsuenetakoa dela kontuan izanik, hau antzoki kategoriara igotzea eskatu du. Amaitzeko, Mungiak daukan adin eta kultur aniztasuna dela eta, jendeak belaunaldi eta kulturen arteko bizigune puntua bilakatu nahi du herria. Biztanleriak beren iritziak eman ezagutaraztean, Udalak emaitzak ikusi eta aurrera eramango diren proiektuak zeintzuk izango diren azalduko du publikoki.

Populazioak euren etxeetako postontzietan jaso du proiektuen azalpena eta bozketa orria. Udalerrian erroldatutako eta 16 urtetik gorako pertsonek batetik zortzira sailkatuko dituzte proposamen guztiak beren garrantziaren arabera, bata garrantzi urrienekoa eta zortzia handienekoa izanda. Bahin orria beteta, Udalak Mungiako kale eta autobus geltoki nagusietan kokatutako postontzietan, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuko bulegoan edo Legardako Udal Kiroldegian entregatu beharko dute. Interneten bidez betetzeko aukera ere badago Udalaren web gune ofizialaren bitartez. - O. Pérez