LAUDIO. Datorren astelehenetik aurrera, otsailak 8, Laudioko herritarrek B@kQ ziurtagiri-elektronikoa eskuratu ahal izango dute Laudioko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ).

Udalak kanpaina bat jarri du abian herritar laudioarrak B@kQ ziurtagiri elektronikoa eskuratzera animatzeko; izan ere, otsailaren 8tik aurrera Laudioko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan bertan hitzordua eskatuta lortu ahal izango da. Horretarako, datozen asteetan informazioa argitaratuko da udaleko webgunean eta sare sozialetan, ziurtagiri hori nola lortu eta zer erabilera dituen gogorarazteko, ziurtagiri hori lor dadin bultzatzeko eta, horrela, administrazio elektronikoa bultzatzeko.

B@kQ ezinbesteko tresna da edozein gailu elektronikotatik (ordenagailua, mugikorra edo tableta) administrazio-izapideak egiteko. Doako ziurtagiri bat da, hainbat administrazio publikotan izapideak egiteko eta dokumentuak erregistratzeko aukera ematen duena.

Maite Cortazar Herritarrekiko Harremanetarako zinegotziak azaldu duenez, “B@kQ ziurtagiria udalerrian bertan ematea aurretiazko eta beharrezko urratsa da herritarrek etorkizun hurbilean gestioak egin ahal izan ditzaten Laudioko Udalarekin berarekin, nahiz eta une honetan dagoeneko erabil dezaketen administrazio eta erakunde publikoekin izapideak egiteko, hala nola Arabako Foru Aldundiarekin edo Eusko Jaurlaritzarekin berarekin”.

Era berean, “Kanpaina honekin bultzada bat eman nahi diogu baliabide horri, gure etxetik bertatik erakundeen bulegoak izateko aukera ematen digulako, izapideak erraz, seguru eta azkar eginez; beraz, herritarrak animatu nahi ditugu ziurtagiri hori lortzera eta Laudioko Udalean oso hilabete gutxi barru pixkanaka ezarriko den online izapidearekin bat egitera”, azpimarratu du Cortazarrek.

NOLA ESKURATU B@kQ ZIURTAGIRIA

Ziurtagiria Laudioko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan bertan lor daiteke, Udaletxeko beheko solairuan (Herriko Plaza). “Haz zerbitzura joan eta B@kQ ziurtagiria eskuratu ahal izateko, beharrezkoa da aurretik 944 034 810 telefono zenbakira deitzea”, amaitu du Maite Cortazarrek.