Bi urteko geldialdiaren ondoren, uztailaren 8,9 eta 10 berriz dator bueltan Lekeitioko Kaleka jaialdia. “Kultur ikuskizunen berpizkundea izango da, Lekeitioko Nazioarteko Jaialdia Kale Arteen zaleentzako nahitaezko bisitetako bat bilakatuz”, nabarmendu dute antolakuntzatik. Hiru egunetan 14 ikuskizun izango dira, Katalunia, Madril, Galizia, Andaluzia, Murtzia eta, noski, Euskal Herriko konpainien eskutik. Ohi legez, “antzerkia, clownak, piroteknia, malabareak eta gogoeta eragingo duten ikuskizunak” izango dira potagonista nagusiak.

Gogora dezagun urtero bezala, jaialdian parte hartzen duten konpainia eta kolektiboak deialdi zabal baten bitartez aukeratuak izan direla. Guztira 437 ikuskizun aurkeztu ziren eta horietatik 12 izan dira aukeratuak”. Eta azken edizioetan egin duten antzera -aurtengoan 32. edizioa izango da-, Kalekak hiru lan lerro ezberdinduko ditu horretarako espresuki sortutako atalekin: Kaleka Ofiziala, Kalekaz Blai eta Kaleka Scratch izenburupekoak. Guztiak Lekeitioko txoko ezberdinak hartuko dituzte, “ikusleek ekitaldiez gozatzeaz gain, Lekeitioko leku adierazgarrienak eta ezezagunenak ezagutzeko aukera izango dute”.

Kaleka Ofizialak formatu ezberdinak lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak batzen ditu. Aurten El mono habitado, Barsanti, Kaput, Markeliñe eta Lekittoko Deabruak bezalako konpainia euskaldunak hartuko ditu bere barnean atal honek. Baina baita estatu mailako Troula Animaciones, Javier Ariza, Nacho Vilar Producciones, Ambae Company, El Gran Dimitri eta Bucraá Circus. Kaleka Scratch delakoak “garapenen edo sorrera prozesuan dauden lanak batzen ditu, kultur agente, artista, ikusle eta abarren arteko sormenezko elkar trukaketa garatzeko espazioak eskainiz”. Edizio honetan 21 eskaera jaso dira eta horietatik 2 izan dira aukeratuak”.

Azkenik, Kalekaz Blai sekzioak “esperimentazioarekin eta ikusleen parte hartze zuzenarekin lotutako akzioak” hartuko ditu bere barnean. Aurreratu dutenez, jaialdia “indartsuago birsortu eta itzuliko da, Lekeitioko txoko guztiak jendez bete eta kaleko arteez berriro gozatzeko aukera emanez”.