"Sutea ez da zain egoten, eta gure esku dago, pizten denean, pertsonengan, ondasunetan eta lanpostuetan ahalik eta kalte gutxien eragitea, ekipamendu eraginkorrak instalatuta eta mantentze-lanak behar bezala eginda". Hala adierazi zuen atzokoan Bermeon Suaren Egunaren zazpigarren edizioan parte hartzen ari zen aditu batek. Udalak eta Tecnifuegok antolatu zuten ekimena, Suteen aurkako babesaren espezializazioaren alde lanean lelopean, aditzera eman zuten 325 ke-detektagailu banatuko direla herrian, hirigune historikoan eta landa-auzoetako etxeetan bizi diren 80 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan.

Helburua argia da: egoera zaurgarrienean dauden pertsona etxeetan suteak prebenitzea", diotenez. Eta ke-detektagailuak nola banatuko diren ere aurreratu zuten. Gizarte Ongizateko Saila izango da hauen banaketa kudeatzeaz arduratuko dena. "Udalak, su-detektagailu horiek jartzeaz gain, beharrezko informazioa emango du pertsona horiek suterik izanez gero zelan jokatu jakin dezaten". Modu berean, mapa txiki bat egingo da gailua jasoko duen etxeetan, "etxe bakoitzean ebakuaziorako biderik egokiena markatzeko. Detektagailuen mantentze-lanak eta azterketak ere Udalaren bidez egingo dira". Azkenik, Udalak inkesta txiki bat egingo du herritar horien artean, "haien beharrak zeintzuk diren jakiteko, eta informazio hori guztia erregistratuta geratuko da egoera zaurgarrian dauden pertsona horiek non bizi diren eta zer beharrizan izan ditzaketen zuzenean jakiteko".

Sute handiak jasan ditu Bermeoko historian zehar. Azkena, 2013ko apirilean jazo zena. Eta ke-detektagailuak erabakiorrak izan litezke suterik ez gertatzeko. Edo gertatzen bada ere, honi aurre ahal bezain arinen egiteko. Elementu garrantzitsuenetakoa dira. Ek prebentziorako. "estatistiketan behin eta berriro errepikatzen diren datuak dira, adibidez, suterik gehienak hilabete hotzenetan gertatzen direla (biktimen % 60)". Adituen arabera, "kea arnasteak eragiten du heriotzen % 65a. 64 urtetik gorakoen taldeak hartzen du hildakoen % 48,7a. Egongela da lekurik arriskutsuena (biktimen % 52,3), eta ondoren logela (% 23,3). Eta etxebizitzako suteen arrazoi nagusiak akats elektrikoak (23 hildako) eta berogailuak eta bero-ekoizleak (11 biktima) dira. Detektagailu autonomoek abisatu egiten dute pertsonak lo daudenean eta etxebizitzan suteen aurka babesteko elementurik eraginkorrenetakoa dira".

Segurtasuna

Abaroak egun "garrantzitsutzat" jo zuen atzokoa. "Tecnifuegok 325 ke-detektagailu eman dizkigu, martxan jarriko dugun programa baten bidez egoera zaurgarrian dauden herritarren artean banatu ahal izateko. Eskerrak eman gura dizkizuet bermeotar guztien izenean. Gure bizilagun askok lasaiago lo egin ahal izango dute egin duzuen ahalegin horri esker". Adierazi zuenez, "Bermeoko Udalak informazioa emango die egoera zaurgarrian dauden pertsona horiei, eta izan ditzaketen beharrak erregistratuko ditu. Funtsezko kontu batengatik egingo dugu: euren segurtasunarengatik".

Datuak

Arriskuak ekiditeko. Adituek diotenez, egongela da lekurik arriskutsuena (biktimen % 52,3) suteak pairatzeko, eta ondoren logela (% 23,3) dago. Eta etxebizitzako suteen arrazoi nagusiak akats elektrikoak eta berogailuak eta bero-ekoizleak izan ohi dira. Detektagailu autonomoek abisatu egiten dute pertsonak lo daudenean eta etxebizitzan suteen aurka babesteko elementurik eraginkorrenetakoa dira.