Klima aldaketa Arintzeko eta Klima aldaketara Egokitzeko Plan Integratua (Kaaepi) hasi da prestatzen Gernika-Lumoko udala, 2050era begira. Udal-administrazioaren ibilbide-orria ezarriko du neurri berezioekin: "nazioartean eta autonomia-erkidegoan ezarritako berotegi-efektuko gasen emisio murrizpen helburuak lortzeko, energia efizientziaren bitartez energia aurrezteko, energia berriztagarriak ezartzeko eta udalerriaren erresilientzia eta egokitzapena handi-tzeko". Urte amaierarako eukiko dute Kaaepi delako egitasmoa.

Planaren garepenean partaidetza sustatzea izango dute oinarri. "Kaaepiren garapenak partaidetza-plan bat barne hartzen du", azaldu dutenez, udalerriko hainbat eragile interesdunen parte-hartzea aurreikusiz. "Prozesu honen bitartez, udalerriko errealitatera egokituko den eta Gernika-Lumoko eragile sozial eta ekonomikoei erantzungo dien plan egingarri bat garatzea lortu nahi da", etorkizunerako erronkak denon artean marraztuz. Udalak "partaidetza-saioei buruzko informazioa zabalduko du saioak egiteko egunak hurbildu ahala".

Euskal Autonomi Erkidegoko egitamo ezberdinei lotuko da Gernika-Lumoko Klima-aldaketa Arintzeko eta Klima-aldaketara Egokitzeko Plan Integratua. Jasangarritasun Energetikoaren Legearen helburuekin bat egingo du.Lege horrek udalerriek bete beharreko betebehar zehatzak ezartzen ditu. Halaber, Planak ere EAEko Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko etorkizuneko Legeari buruz une honetan dagoen informazioa kontuan hartuko du. "Legeak bultzada gehigarria emango baitio klimaren eta trantsizio energetikoaren aldeko ekintzari EAEko administrazio publikoaren maila guztiei", adierazi dutenez. Bestetik, plana egiteko, Udaleko teknikariek eta politikariek Global Factor eta EDE Ingenieros enpresen laguntza teknikoa izango dute.

Udalak jJasangarritasunean urteak daramatza lanean 2030 Agendaren bitartez. 2019an larrialdi klimatikoa deklaratu zuen eta, horrela, ekintza klimatikoko politikekiko konpromisoa erakutsi zuen. Lehen urrats gisa, 2020an Klima Aldaketaren eta Energiaren Diagnostikoa aurkeztu zuen, arduradunen esanetan "udalaren energia-kontsumoen eta emisioen mailak ezagutarazteko eta klima-aldaketak udalerrian sor zitzakeen inpaktu nagusiak aztertzeko". Baina Kaaepiaren bitartez diagnostikoan sakondu nahi du, "eta ildo estrategiko eta funtsezko ekintzak ezarri, udalerriak klima-aldaketari egiten dion ekarpena murrizteko eta erresilientzia areagotzeko".