Galdetegia 731 ikasleri helarazi ostean, Bermeok Udalak 2021-2025 aldirako Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana osatzeko bigarren faseari ekin dio, ekimenean beste urrats bat emanez. Datozen egunotan adin tarte ezberdinetako herritarren iritziak entzuteko momentua iritsiko da eta, horretarako, otsail osoan zehar online bidezko galdetegia zabalduko dute udal-administrazioko arduradunek. Gainera, “otsailaren 7tik 11ra, 4 eztabaida talde antolatuko dira eta, horietan, urrian zehar herriko ikastetxeetan banatutako galdetegien emaitzak aztertuko dira, besteak beste”.Helburu “estrategikotzat” jo dute plana betetzea eta adikzioen gaia lantzea, “herritarrek hala eskatzen dutelako”. Horretarako, “herritarren parte hartzea bilatzen dugu”, zehaztu du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Bermeotarren iritziez gain, udalerriko eragile askorekin elkarlanean osatuko da dikzioen Prebentziorako Tokiko Plana. “Dokumentua sortzeko hainbat fase egingo dira eta, lehena bukatuta (urrian herriko ikastetxe guztietako DBH eta Batxilergoko 731 ikaslek, Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuko 44 ikaslek eta Nautika Eskolako 23 ikaslek bete zuten galdetegia), bigarrena martxan” jarriko du Udalak. Egitasmoaren lehen emaitzak “martxotik aurrera” izango dira eskuragai, Abaroaren esanetan.

Lehendabizi, hala ere, QR kodez hornitutako eskuorriak banatuko dituzte, herritarrak ibiltzen diren tokietan -osasun zentroan, udal eraikinetan, farmazietan...-. Galdetegia bermeotarrei zabalduko zaie www.bermeo.eus webgunearen eta GIZ-en sare sozialen bitartez. “Plana martxan jarri genuenean, urri partean, garbi esan genuen gure helburu estrategikoetako bat dela mendekotasunen prebentzioa lantzea (alkohola eta beste substantzia adiktibo batzuk, tabakoa, ausazko jokoak, mugikorrarekiko eta sare sozialekiko mendekotasuna...)”, azaldu zuen. “Zalantzarik gabe, asko kezkatzen gaituen gaia da. Ikasleek galdetegia bete dute eta oraingoan herritarren iritziak ezagutu nahi ditugu”.

Bermeotar denek ekarpenak egiteko aukera izatea bilatu da, “norberaren esperientziatik abiatuta”. Horrela, otsailaren 7tik 11ra, lau eztabaida talde antolatuko dira:udal langile eta politikariena; hezkuntza esparruko eragileena, osasun arloko eragileena eta ostalaritza, merkataritza, kultur, kirol eta aisialdi elkarteetako ordezkariena. Herriko bizitza komunitarioan parte hartzen duten biztanle eta gizarteko kolektibo guztiek egindako ekarpenak kontuan izango dira. Ostean, martxoan Udaleko Prebentzio Mahaia osatzea aurreikusten da, plana kudeatzeko ardura zango duelarik.