Sukarrietako Udalak Munitizko bidegurutzeko bide-segurtasuna hobetzeko lanak esleitu berri ditu. Segurtasuna hobetzeko helburuarekin, errepide horretan desazelerazio-errail bat eta espaloi berri bat sortuko dituzte. Obrak bi fasetan egingo dira, “zirkulazioari ahalik eta gutxien eragiteko. Egiteko epea bi hilabetekoa da eta hilaren erdialdean hastea aurreikusten da”, azaldu dute Udaletik. Bide-segurtasuna eta irisgarritasuna hobetuko dira, asko hazten ari den auzo horretara sartzeko.

“Gure herria zeharkatzen duen errepideko segurtasunak beti kezkatu gaitu. Sukarrietako zeharbidea oinezkoentzat eta gidarientzat segurua izatea nahi dugu”. Horregatik, Munitiz auzorako sarbidea hobetuko dute, “errepidetik, dezelerazio-errail bat sortuz auzora sartu nahi duten autoentzat. Obra honekin guztiok irabazten dugu, oinezkoak eta gidariak”, adierazi dute alkatetzatik.

Obra honi esker, “dezelerazio zuzeneko errail bat sortuko da, eta espaloi berri bat ere. Espaloia galtzadaren barrualdera mugituko da, egungo espaloiaren ordez dezelerazio-erraila jarriko baita”. Jardueraren helburua da Munitizko bidegurutzearen bide-segurtasuna hobetzea, “BI-2235 errepideko 46,300 kilometro-puntuan. Gaur egun ez dago Munitiz auzora sartzeko errail egokirik”. Azaldu dutenez, “desazelerazio-errail bat egitean datza, auzora sartzen diren ibilgailuek ikuspen handiagoagaz egin dezaten, eta, aldi berean, auzora sartzen diren ibilgailuen abiadura egokitu dadin”.

Beste lan batzuk

Jarduera aprobetxatuko da ingurunean beste hobekuntza batzuk egin ahal izateko. Horrela, “proiektuaren parte dira, halaber, beharrezko hormak, zerbitzu-sareak instalatzea, espaloiak eta galtzadak zolatzea, seinale bertikalak eta horizontalak, hiri-altzariak eta lorezaintza, besteak beste”. Lanak egiteko, plataforma handitu behar da, eta 50 zentimetroko bide-bazter berri bat egingo da espaloiaren eta ezpondaren artean”.

Lanak bi fasetan egingo dira. Lehenengoan, “bidea estutu egingo da eta zirkulazioa desbideratuko da lanak egin ahal izateko, eta bigarrenean, dezelerazio-adar berria prestatuko da eta seinaleak egokituko dira”. Lanak egiteko Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailak 25.417,93 euroko diru-lagun- tza eman du eta guztira 150.557,88 euroko inbertsioa egingo da gutxi gorabehera. Obrak Bermeosolo SA enpresak egingo ditu eta bi hilabete inguru iraungo dute.