Adikzioen prebentzioa lantzea da Bermeoko Udalaren "helburu estrategikoetako" bat. Eta honi ekingo diote etorkizunean, izan ere lehen tokiko plana egitearen lehen lanekin hasiak dira, 2021-2025 aldirako onartua izateko. "Proiektu honek hainbat fase izango ditu eta herritarrekin eta herriko eragile askorekin elkarlanean landuko dela" gaineratu dute Udaletik, bai planaren egituraketan eta emango dien pauso ezberdinetan.

"Gure helburu estrategikoetako bat da mendekotasunen prebentzioa lantzea (alkohola eta beste substantzia adiktibo batzuk, tabakoa, ausazko jokoak, mugikorrarekiko eta sare sozialekiko mendekotasuna...). Asko kezkatzen gaituen gai bat da. Gure gizartean, tamalez, adikzioek pisu handiegia dute eta egiten ditugun programa ezberdinetan ikusten dugunez eta herritarrek beraiek aipatzen digutenari jarraituz, garbi genuen Tokiko Plan hau egin behar genuela. Gizartearen arazo bat da eta gizarte bezala erantzuna eman behar diogu", aipatu du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Mendekotasunak "konplexutasun handiko giza fenomenoak" dira. Hala ziurtatu dute Bermeoko Udaletik. Eta jakin badakite "fenomeno dinamikoa" ere badela. "Gizartea bera bezala, etengabe aldatuz doaz eta, hori dela eta, haiei aurre egiteko formula bakar eta estankoek ez dute balio. Dinamikoak eta malguak izan behar dute", diotenez. Udalak, bere helburu estrategikoei jarraituz eta hartutako konpromisoak betez, Adikzioen Prebentziorako lehen Tokiko Plana garatzeko urratsak ematen hasi da eta ahalik eta herritar eta eragile gehien inplikatuko ditu. Hala, bost fase ezberdin marratu dituzte: proiektuaren plangintza, udalerriko errealitatearen diagnostikoa, bildutako informazio-prozesaketa, Tokiko Planaren ildo, estrategia, jarduera eta ateratako ondorioak batzea eta, azkenik, plana editatu eta Osoko Bilkuran onartzea.

Galdeketa

Datozen egunotan banatuko den ikasleei zuzendutako galdetegia, eta aurrerago martxan jarriko diren herritarren partaidetza galdetegia, eztabaida-taldeetan parte hartuko duten ordezkari desberdinei zuzendutako galdetegia... Gainera, aurrerago ere, besteak beste, Udaleko Prebentzio Mahaia eta Bermeoko arlo eta sektore desberdinetako ordezkarien eztabaida-taldeak eratuko dira. "Errealitatearen diagnostikoa egiteko ekintza oso garrantzitsu bati hasiera emango zaio: udalerriko ikasleei zuzendutako galdetegiari, alegia". Hala, eskola-adineko biztanleengana joko dute; "izan ere, frogatuta dago mendekotasunekin lotutako arrisku jokabideak izateko aukerak izugarri handitzen direla adin-tarte horietan". Bada, Derrigorrezko Bigarren Hezkun-tzako eta Lanbide Heziketako Goi-Mailako zikloetarainoko ikasleek galdetegi hau egingo dute , guztira, 1.155 ikasleri galdeketa anonimoak eginez.