RGAZKIETAN agertzen den eta jada galdua den Bermeo berreskuratuko du Arrantzaleen Museoak. Hala egingo du Fede Merinoren 30 irudiekin osatutako Kresala. Bermeo 1974-1976 erakusketaren bitartez. “Portu zaratatsu eta zalapartatsua”, egunean izugarri aldatu dena nahiz eta bere esentzia bere horretan mantentzen den, iraganerako saltoa egiteko parada emango du ekimenak. Gainera, biztanleriarantzako espresuki antolatutako jarduera osagarriak ere egingo dira, Ondarearen Europako Jardunaldien ospakizunak aprobetxatuz.

Merinok “1974 eta 1976 urteen artean Bermeoko portuan hartu zituen 140 argazki baino gehiago digitalizatzea lortu du. Horrela gaur egun erabat eraldatu diren bizimodu bat, paisaia, jende eta eszenatoki batzuk hilezkortzen ditu”, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko arduradunek jakinarazi dutenez. Argazkilariaren “kezka nagusia bere funtsak galtzea edo hondatzea zen, horrela gure herriaren historiaren zati grafikoa desagertuz. Hori saihesteko denbora luzez Fedek eta bere seme Karlosek 70eko hamarkadaren erdialdean lortutako argazki-materiala irudi digital bihurtu dute, irudien kalitatea hobetuz”. Eta horien artean aspaldiko Bermeoko portuaren egunerokoa zegoen. Erakusketak urriaren 19an zabalduko ditu ateak.

Ertzilla Dorrearen edo Arrantzaleen Museoaren azken solairuan kokatuko da erakusketa. Argazkiek azalpen-kartel bat izango dute, eta bertan argazkilariak eskuz idatzi ditu ikus daitezkeenen argazkien xehetasunak, izenak eta datuak. Bestetik, “azarotik aurrera” erakusketa zabaldu egingo da, “hainbat saltokitako erakusleihoetan irekiz. Horrela, bermeotarrak partaide egin nahi dira, euren egunerokotasunean agian helduek oroitzapenen artean gordetzen dituzten eszenak aurkeztuz”. Eta mostrarekin batera “argazkilariak funtsa osatzen duten ia irudi guztiak biltzen dituen katalogo bat diseinatu eta maketatu du. Gainera, argazkiak aberasten eta testuinguruan kokatzen dituzten hainbat testuk osatzen dute. Adibide gisa Bermeoko biztanleen artean orain-tsu erretiratu arte Arrantzaleen Museoko zuzendaria izan den Aingeru Astuik idatzitako ezizenei buruzko hausnarketa interesgarria, edo Aritz Abaroak, Bermeoko egungo alkateak, bermeotar gisa kostaldeko udalerri honetako belaunaldien eta bizimoduaren aldaketaz idazten dituen lerroak, edo Julio Caro Barojak Fede Merino argazkilariari lan honen ondorioz eskainitako hitzak”. Katalogoa museoan baino ez da izango salgai.

Jarduerak

Eta amaitzeko, eta kontutan izanik Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien ospakizunarekin batera egiten dela ekimena, “aatak bat etortze hori ez da kasualitatea; izan ere, erakusketak belaunaldien arteko ekintza batzuk garatzeko bidea eman du. Belaunaldien arteko topaketak, urriaren 21ean eta 28an, 18.00tan izango dira eta Eizu erretratue izeneko argazki-lehiaketa gazteentzat urriaren 31ra arte Instagramen mantentzen da. Informazio gehiago eta erreserbak 946881171 edo arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus” egin daitezke.

Autoreari dagokionez, Fede Merinok (Getxo, 1943) 50 urte baino gehiago egin ditu argazkigintzan eta gizakia ezagutzera bideratu du bere lana, ikerketa-argazkigintzan eta etnografian espezializatuz. “16 urte baino gehiagoz Bilboko Euskalduna Jauregiko eta Arriaga Antzokiko argazkilari ofiziala izan zen. Bere lanen artean Bilboko hainbat eraikin enblematikoren eraikuntzaren jarraipena nabarmentzen da.