Jardunaldi bereziak izan beharko litezke datozen egunak, baina koronabirusak, iazkoan egin zuen moduan, egunerokotasuna aldatu dute. Eta Andra Mari jaiak datozela-eta, Ondarroa eta Gernika-Lumoko Udalek tentuz ibiltzeko deia plazaratu dute. Kutsatzeak saihestea da helburu nagusia.Ondarroako Udaleko bi alderdiek ohar bereziak publikatu dituzte. Bada, Zunbeltz Bedialauneta alkateak jakinarazi duenez: “oso garrantzitsua izango da datozen egunotan denok elkar zaintzea”, egoerak “okerrera egin” ez dezan. “Nire aldetik hauxe da eskaera: arauak errespetatu, elkar zaindu, musukoa jantzi eta datorren urterako pilak kargatzen hasi”. Bestetik, EAJk ere idatzia plazaratu du, “bizi dugun egoeraz” ohartarazteko. “Segurtasun neurriak betetzen jarraitze ezinbesteko dugu, herritar oro babesteko beharrezkoa baita, maskarilla erabiliz eta garbitasun eta distantzia neurriak betez”. Udalerrian kulturaz gozatzeko aukerak badirela nabarmenduz, jeltzaleek “prebentzioa, bakuna eta ardura” direla bidea zehaztu dute, “egoera gainditzeko”.

Gernika-Lumon ere, Jose Maria Gorroñok deialdia luzatu du, Andra Mari eta San Roke jaietan osasunak betetze aldera. Bando bitartez lau haizeetara zabaldutako mezuan, Udalak “osasun-agintarien gomendioak ikusita, eta covid-19aren intzidentziaren aurrean, kutsadura-fokuak saihesteko eta bizilagunen eta bisitarien osasuna zaintzeko, jaiak bertan behera iztea” dekretatu duela jakinarazi du. Gernikarrei “dei berezia” egin diete, bereziki, egoeraren aurrean “ulermenez eta arduraz jokatzeko”, bosgarren kutsatze-boladarekin bizi dugun egoera “ahalik eta azkarren” alde batera uzteko”.