- Lehen Mundu Biraren 500. urteurreneko ospakizunen inguruan egin diren hainbat azterlanek xehetasun ugari eman dituzte euskaldunek bidaia hartan izan zuten parte hartzeari buruz. Hala, jakina da Espezieria armada ez zela Euskal Herriko marinelez bakarrik elikatu. “Euskaldunek parte hartu zuten antolakuntzan, horniduran, ontziak prestatzen eta ontziak eraikitzen ere. Alde horretatik, Lekeitiok, itsasontzi nagusia emateaz gain, espedizioaren horniduran ere parte hartu zuen, Nikolas Artietaren bitartez”. Beraz, berebiziko pertsonaia izan zen Artieta.

Lekeitioko familia garrantzitsu batekoa, gortean oso harreman onak zituen Artietak. Eta Magallanes-Elkano flota hornitzeaz gain, Indietara bidaltzen ziren beste armadetako ontziak hornitzeaz ere arduratzen zen. Elkano 500 Fundazioak jakinaraxi duenez, horrez gain “armak, bolbora, iltze pila bat, falkoneteak (kanoi txikiak), lonbardak (kanoi handiak), baleztak, lantzak, azkonak, armadurak eta beste hainbat material erosi zituen espedizioarentzat, bai Bizkaian bai Gipuzkoan, guztira 1.500 dukaten truke (562.500 marabedi)”. Hala agertzen da espedizioaren gastuen zerrenda xehean egin zen lehen idazpenean. Sevillako Indietako Artxibo Nagusian dagoendokumentu baten. Armez gain, Artietak “burdinazko beste produktu batzuk ere erosi zituen Euskal Herrian, hala nola aingurak, arrantzarako arpoiak, aitzur luzeak, mazoak, palak, pikotxak, zerrak, farolak, aizkorak, gisatzeko pertzak, burdina barra txikitan, era guztietako iltzeak, baita sutegi bat ere”.

Magallanesekin batera, Trinidad ontzian ere bazen Lekeitioko Domingo Barrutia. Marinela bazen ere, “ezer gutxi dakigu hari buruz, baina badakigu sinatzen bazekiela eta 1521eko uztailaren 21ean atxilotu zutela Bruneian. Eta ez zen sekula gehiago haren berri izan”.