Hainbat euskal herrietako arrantzaleak izan ziren protagonista gaur dela bost mende Magallanes eta Elkanok eman zuten Lehen Mundu Biran. Euskal herritarren parte-hartzea berebizikoa izan zen. Eta memoria hori berreskuratu eta behar bezala gordetzeko, 34 udal arduradunek Lekeition ituna sinatu berri dute. Duten “kultura komuna” azpimarratzeko, Elkano 500 Fundazioaren antolaketapean.

Toki-administrazioez gain, ekitaldian ere Eusko Jaurlaritzako, Euskal Hirigune Elkargoko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkariak izan dira. Fundazio hori arduratu da, Lekeitioko Udalarekin batera, ekitaldi hau bultzatzeaz, “espedizioaren irtenaldiarekin bat eginez 2019ko irailean Getarian egindakoari txanda hartzen diona”, gaineratu dutenez. Azalarazitako asmoaren arabera, Lehen Mundu Birako gertakariak “ezezagunak dira hein handi batean”. Hala ere, Lurrari lehen aldiz bira eman zitzaionetik 500 urte bete direnean, “bidaia haren kontakizun berriak ekartzen ari dira hainbat azterlan, ikuspegi irekiagotik eta Euskal Herriak ere egindako ekarpenari bere lekua emanez. Ezagutza berriak dira, lehen mundu birari buruzkoak ez ezik, euskal udalerri asko batzen dituen testuinguru sozioekonomiko, teknologiko, zientifiko eta kultural komunari buruzkoak ere”.

Lekeitioko alkate Koldo Goitiaren esanetan, “asmo argi batekin hurbildu gara gertaera honetara eta oroitzapenera, iraganetik ikastea gure oraina birpentsatzeko eta zalantzan jartzeko, gure gaurko ekintzek proiektatzen eta eraikitzen baitute etorkizuna”. Bestetik, Getariako alkate eta Elkano 500 Fundazioaren arduradun Hairtz Alberdik azpimarratu zuenez, “gurea historia partekatua da, itsasoari lotutako herri guztiak batzen dituena, bai kostaldekoak, bai barrualdekoak. Datu fidagarrietatik abiatuta berreraiki behar dugu kontakizun historikoa, hurbilketa lerratuak murrizteko. Horregatik, ezagutza berriak sortzearekin lotu nahi dugu oroitzapen hau”. Lekeitioko alkateordeak, Izaskun Gomez Pasaiako alkateak eta Jean-Louis Fournier Azkaineko alkateak, besteak beste, ere hitza hartu zuten.

Azkenik, bertaratutakoek Lekeitioko Adierazpena irakurri zuten. Pasaiako alkate Izaskun Gomezek adierazi zuenez, “mundu mailako gertaera honen dimentsio epikoak itsasoari lotutako herri baten kultura erakusten du funtsean”. Azkenik, ekitaldiaren ostean, bertaratutakoak Lekeitioko ondareaz gozatu ahal izan zuten. Zehazki, zaharberritzen ari diren Mendieta ontziolaz, Kantauriko itsasertzeko zurgintzaren erakusgarri den eraikinaz eta Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean monumentu gisa katalogatua dena. “Lea ibaiaren ezkerraldean dago, ia bokalean, eta erraz imajina daiteke han, edo handik oso gertu, eraiki zutela duela 500 urte espedizioko itsasontzi nagusia”, munduari lehen aldiz bira eman ziona.