Eskuragarri diren azken datuen arabera, 2019. urtean 162.000 bisitari jaso zituen Gernika-Lumoko Juntetxeko eraikinak. Ezbairik gabe, Urdaibaiko turismoaren sarrera nagusienetakoa da, Bermeon kokatutako Gaztelugatxerekin batera. Eta eskualdera jotzen dutenak harrapatu ahal izateko, Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak bere zerbitzuak hobetu ditu "turismo-kudeatzaile berri bat martxan jarriz. Ukipenezko pantaila bat da" berau, eta elkarteak Gernikako Juntetxetik gertu duen lokaleko erakusleihoan jarri du.

"Zerbitzu berri honen bidez, Busturialdea-Urdaibaiko herritarrek zein eskualdea bisitatzen dutenek eskualdeko turismo-eskaintza" osoa izango dute eskura, bai zerbitzuei eta baita kokaguneei dagozkionez. Izan ere, eskualdeko erakundeak beste pauso bat eman du eraldaketa digitalaren alde. "Urremenditik egiten ari garen eraldaketa digitalaren prozesuko beste urrats bat da. Era berean, neurri honekin gure turismo-enpresen, ostatuen, jatetxeen eta turismo aktiboko enpresen, denda, lehen sektorearen... garapen ekonomikoa sustatzen jarraitzen dugu, eta hori guztia, modu orekatu eta jasangarrian", jakinarazi du Ager Lejarretak, Urremendiko presidenteak.

Baliabide berriak -bada web ataria, eskuorriak...- diseinu erraza, praktikoa eta funtzionala izango du, "erabiltzaileek oso modu erraz eta intuitiboan nabigatzeko aukera izan dezaten. 42 hazbeteko ukipenmonitore bat du, edukiak ezin hobeto ikusi ahal izateko eta sistemarekin ahalik eta modu praktikoenean elkarreragiteko. Sistema euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez erabili ahal izango da", zeren hurbileko bisitariez gain, gero eta gehiago dira Europako beste herrialde batzuetatik datozen turistak: Frantzia, Alemania, Erresuma Batua...

Gestore turistikoak "helburu bikoitza" duela azaldu dute Urremendiko arduradunek: "alde batetik, erabiltzaileari eskualdeko turismo-produktuen eta -zerbitzuen eskaintza zabala eskaintzea; eta, bestetik, erabiltzaileei eta haien lehentasunei buruzko informazioa biltzea. Informazio hori, gero, ebaluazio estatistikoak egiteko erabiliko da, eta, era berean, turismo-bulegoetako aurrez aurreko kontsultetan jasotako gainerako datuekin batera artxibatuko da".

Azkenik, gestore turistiko berriak "Urdaibaiko Biosfera Erreserbarekin lotutako ikus-entzunezko edukiak erakutsiko ditu, bisitariari bisita di-tzakeen naturguneen pertzepzioa aktibatzeko". Hone bitartez ere, herrikako informazioa eskainiko zaio bisitariari. "Ikus-entzunezko eduki horiek sor dezakeen interesaren aurrean, sistemak hainbat aukera emango dizkio erabiltzaileari informazio gehiago eskuratzeko". Esaterako, "Gernikako Turismo Bulegora jo ahal izango du, eta bertan udalerriko eskaintzei buruzko informazioa eta aholkuak eman ahal izango dizkiote, baita plano turistikoak ere.

Aldaketak turismo alorrean

Azkenaldian hainbat dira Busturialdeko turismoan izandako berritasunak. Nabariena, akaso, orain gutxi lortutako Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna, Urdaibai Euskal Herriko lehenengo turismo-helmuga jasangarri gisa egiaztatzen duena. Erakundeez gain, 16 enpresek lortu dute izendapena.