Hainbat eragin negatibo ekarri ditu pandemiak. Ez, hala ere Gernika-Lumon jazotako odolaren donazio kopuruan. Izan ere, inguruko odolemaileen datuei erreparatuta, iazkoarekin alderatuta gorakada nabarmena somatu dute, %23koa. "2020an, pandemia sasoia izan arren, datuak gorantz etorri dira: oso onak. Aspaldiko urteetakoen artean 2004koak dira goipuntakoak (1.438 o.), eta milatik gorako azkenak 2017koak (1031 o.) izan dira", diotenez. Gernika-Lumon, adibidez, 120 pertsona animatu ziren iaz odola ematera.

"Azken 10 urteotan gorabeherak egon arren, odolemote kopurua beti ibili izan da 1.000etik 1450erako tarte horretan. Orain igazko 896ko kopurutik gora, barriro 1.105ko odolemotera heldu gara, zenbaki absolutuetan 209 gehiago. Gure gorakada % 23,33 da eta Bizkaian %17,65", azaldu dute erakundearen arduradunek. Bestetik, "berriztea garrantzi handikoa eta ezinbestekoa da emoitzaren iraunkortasunerako". Eta iazkoan ere datu oso positiboak lortu dira. "26 gizonezkoak eta 27 andrazko" berri lortu dituzte, eta "azpimarratzekotzat" jo dute andrazko gehiago izan dituztela, "gizonezkoak baino. Normalean gazteenak izaten dira emoile berriak eta sexoaren araberako erakusten dute nesken prestutasuna". Errepikatze-mailari dagokionez, "errepikatze-indizea 1,83koa da. Beste urte batzuetan 1,8-2 bitartekoa izan da. Gure odol emaileak konzientzia handikoak dira eta ondo eusten diote odol emateari".

Odol emate maila

Bestalde, inguruko balantzea ere oso positiboa dela gaineratu dute. Bada, "Gernikaldeko odolemote datuak goranzko bidean jarri ditugu berriro. Eta jakina, emoile kopurua mantendu behar da, eta berriztu. Emon dezagun datu esanguratsu bat, honen adierazlea dena: Gernikan berton sasoi batean 72 odolemote/1.000 bizilaguneko eduki baditugu ere, gaur egun bertoko bizilagunen emoteak 837 izanda, tasa hori 48,93 odolemote /1.000 biztanlera izan da". Hala ere, badira hobetzeko kontuak. Odolkideak erakundeak zehaztu duenez, kontzientziazioan eragin beharra dago, "gizarte mailan odolaren beharrizana egindakotzat ematen" delako. Eta gazteenengan eragin beharra badago.

Azkenik, eta eskualde mailako aferesiaren ondolemate mailako datuak ere eskaini dituzte. Eta hauen arabera, "guztira 14 emailek 31 aferesi-odolemote. Kopuru esanguratsua da", diotenez.