Aste honetan bertan bueltatu da, Afrikara egin duen migrazio luzearen ostean. Urtero egiten duen milaka kilometrotako bidaia bete du, zazpigarren urtez jarraian, Saharako basamortuaz beherako neguko gotorlekutik bere sorterria uste duenera, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako hezeguneetara. Aurtengoa, hala ere, oso berezia izan liteke. Roy arrano arrantzalea espeziearen “etorkizunaren bermetzat” kalifikatu dute Urdaibai Bird Centerreko adituek. Azalpena argia da: bere bikotekidearekin batera, Biosfera Erreserban jaio litekeen lehen arrano arrantzalearen ugal-bikotea izan litezke. Jaiotza horrek “arrakasta” suposatuko luke txori hauen berreskurapenerako programarentzako. Euskal Herrian bi mendetan ematen den lehenengo ugalketa kasua litzateke.Hala ere, ornitologian adituek ez dituzte gauzak segurutzat eman nahi. Ezta pentsatu ere. “Naturaren mendean gaude. Litekeena da, emea -Landa izenekoa frantziar jatorriko arranoa- Urdaibaira heltzen bada, eta bere migrazio bidaiko oztopo guztiak gainditzen baditu, ugal-bikotea sortzea Erreserban, eta kontuak ondo badoaz, arrano arrantzale bat jaiotzea. Baina hainbat faktore dira jokoan -migrazioa arriskuz betetako prozesua da-, eta denak kontrolpean izan behar dira”, dio Jose Mari Unamuno Urdaibai Bird Centerreko arduradunak. Azken aste honetan Royren zaintza berezia egin dute, eta oraindik bere bikotearen esperoan dira. “Normalena gure paduretara heltzea izango litzateke, beste urte batzuetan hala gertatu delako. Baina natura jokoan izanik, edozer gerta litzateke”, Unamunok azaldutakoaren arabera.

Roy eme gazte batekin parekatu zen joan den udaberrian, Orxeko paduretan, Frantziako landetan, egindako beste berreskuratze-proiektu batetik zetorren Landa izeneko eme batekin konkretuki. Eta iazkoan posible izan ez zen ugalketa aurtengoan posible izatea espero dute. “Adinez nagusi dira, osasuntsu daudela ematen du eta prest dira guraso izateko. Roy bertan dela, bere akbiaren prestaketa lanetan dabil burubelarri, baita ehizan”, dio Unamunok. “Emea heltzea baino ez da falta”, gaioneratu du.

Eskoziar jatorrikoa

Roy, N3 eraztuna daraman arrano arrantzalea, izatez, Eskoziako Ness laku inguruan jaio zen, 2013an. Hala ere, uztailean ekarri zuten Urdaibaira, 2013tik 2017ra garatutako arrano arrantzalearen berreskurapen proiektuaren baitan. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako ekimena, guztira Highlandsetako ingurunetan jaiotako 60 kume ekarri ziren. Baina Roy da 2015. urtetik urtero-urtro bueltatu den bakarrenetarikoa, beste batzuk bidean erori direlarik. Asko dira txori hauek euren migrazioetan jasaten dituzten zailtasunak, euren hilkortasun-tasa asko igoarazten dituztenak: elektrizitate-harien kontrako kolpeak, elikadura faltak eragindako gosea, Europa eta Afrika banatzen dituen Gibraltarko itsasartearen arriskuak, edota euren neguko guneetako arrantza-sareak, besteak beste. “Horrexegatik da hain garrantzitsu Roy -izen hori badarama, berreskurapenean hain erabakior izan den Roy Dennis eskoziar naturalistaren omenez da-”, dio Unamunok.

“Aurtengoan jaio liteke arrano arrantzalearen lehen kumea Urdaibain, baina badakigu naturaren menpe ari garela lanean”

“Hainbat urtetan garatutako proiektuaren arrakasta supostuko luke kumea jaiotzea”

Urdaibai Bird Centerreko arduraduna