Beharrizana egon bazegoen, eta azkenean Markina-Xemeingo txakurren jabeek euren maskotak libreki paseatzeko aukera izango dute etorkizunean. Markina-Xemeingo Udalak aukera berri bat eskainiko die, txakurgunea Xemein etorbidean, Kanposantuaren alboan dagoen aparkaleku ondoko belardian kokatuta. Gune berri honen helburua da "txakurrak aske ibiltzeko aisialdi-eremu atsegin bat izatea herrian, txakurrei eta berauen jabeei espazio berri bat eskainiz". Bestetik, toki-administraziak berriki ekin dio bizikidetza kanpaina bati Zure txakurra, zure ardura izenburupean.

Txakurgunea 24 orduz dago zabalik, "egunero. Txakurrak solte ibili ahal dira bertan, baina kontrolpean egon beharko dira une oro, eta jabeek dagozkien betebeharrak bete beharko dituzte", azaldutakoaren arabera. Besteak beste, eta udalerriko beste hainbat guneetan egin behr denaren anztera, "kakak jaso beharko dira eta ingurua garbi mantendu. Horretarako, zakarrontziak jarri dira gunean".

Markina-Xemeingo txakurgunean iturri bat ere ipini da eta baita animalientzako hainbat jolas ere. "Segurtasunagatik, umeak heldu batekin eta beraien ardurapean sartu ahal izango dira soilik. Sarreran arau guzti hauek jasotzen dituen kartela jarri da, eta Udaletik eskatzen da neurriak errespetatzeko". Gaineratu dutenaren arabera, "arazorik izanez gero, Udaltzaingora deitu ahal izango da, astelehenetik larunbatera, 08:00etatik 22:00etara (656791144)".

Txakurguneaz gain, Udalak orain gutxi ekin dio informazio-kanpaina bati, azkenaldian Ondarroak edo Lekeitiok egin duten moduan. Jomuga hauxe da: "Txakur-jabeen eskubide eta betebeharrak gogorarazi nahi dira. Izan ere, animalia bat duen pertsona orok eskubide eta betebeharrak ditu; besteak beste, espazio publikoan animalia lotuta eramatea, bere kakak jasotzea eta txakurrari muturrekoa jartzea". Zure txakurra zue ardura izenburupean, Udaleko arduradunek gogorarazi nahi dute ordenantza ez betetzeak dakartzan ondorioez. "Animaliak sartu ezin diren espazioak errespetatu egin behar dira eta animalientzako baimendutako espazioak erabili". Izan ere, arau hauek ez betetzeak "indarrean den legediaren araberako zigorrak ekar ditzakeela" jakinarazi dute.

Nahiz eta txakur-jabe gehienek arau hauek betetzen dituztela adierazi, "txakur kaken kasuan, adibidez, nahi baino gehiagotan ikusten dira herriko kaleetan. Sor-tzen duten zikinkeriaz gain, txakurren gorotzak infekzio iturri ere badira, eta beraz, osasun arazo izan daitezke. Egoera honen aurrean, kakak jasotzea txakur-jabeen betebehar bat dela" gogorarazi dute.