"Etorkizuna ziurtatuta dago, proiektua onartuta dago. Zain gaude". Hala laburbildu daiteke Ean kokatutako Haizeder eskolaren handitzearen auziaren egoera, hitz gutxitan. Izan ere, hezkuntza zentroaren handitzearen alde egiten duen plataformak manifestua kaleratu du berriki. Urteak daramatzate Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren erabakiaren esperoan, Lehen Hezkuntza ezartzeko, horrela ikasleak beste udalerri batzuetako ikastetxeetara joan behar ez daitezen. Hala ere, oraindik zenbait hilabete itxaron beharko dute. "Lau aste barru hartuko den erabakiaren berri. Baikorrak ginen, baikorrak gara. Hala bedi", diotenez.

Urteetan zehar egindako esfor-tzuak saria izan zuen iaz. Elantxobe, Ibarrangeluko eta Eako guraso eta herritarren urteetako ekimenari esker, "2020ko otsailean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2019-2023 Hezkuntzako azpiegituren planean gehitu eban Haizederren Lehen Hezkuntza ezartzeko proiektua eta erredakzio-fasean orain dala urtebete pasata sartu zen". Erabakia "poz eta ilusio handiz hartu genuen, gure umeak 12 urtera arte etxetik gertu geratuko zirelakoan". Hiru udalerrietako -Ea, Elantxobe eta Ibarrangelu- alkateen oneritzia ere jaso izan dute. "Gardentasun osoz eta elkarlanean aritu gara Haizeder eskolako zuzendaritzarekin, Udalekin, bai eta Hezkuntzarekin ere. Aktak alderdi politiko guztien esku jarri doguz lehenengo unetik eta Hezkuntzari ere guztiak helarazi zaizkio". Haizeder eskola handi-tzeko erabakia, hala ere, ez dute oraindik hartu.

"Aktak, bilerak, argazkiak eta dei-erregistroei begiratuta ikusten dogu pena handiz nola iazko martxotik abendura arte ez digun inork ezelango erantzunik eman eta denbora alferrik galdu izanaren sentsazioa dugu", diotenez. "Tartean sei familia hauek datorren urtekoaz nork eta zer esan dagoz. Hauetatik, lau familietan gainera neba-arreba txikiagoak datoz eskolara". Izan ere, eskolaren etorkizuna bermatuta dagoela azalarazi dute. Datorren urteko matrikulazio zenbakiei baino ez da begoratu behar horretaz ohartarazteko. "Kopuruei begira, guztira 41 matrikula izango ditugu datorren urtean Haizeder eskolan, horietatik 12 HH2ko gelan sartuko dira, ume etorri barriak". Gaur egun Haur Hezkuntza baino ez da hezkuntza zentroan eskaintzen.

Erabakiaren zain

Edonola izanda ere, erabakia Hezkuntza sailak hartu beharko du. Eta jakin badakite egoera ez dela baikorrena, koronabirusaren pandemiaren eraginez. "Pandemiak egoera errotik aldatu du, baina argi esan dezagun: ez du birusak erantzukizun osoa. Urtarrilaren 25ean, Lakuan Hezkuntzako bi goi kargudunekin bildu ginen hiru Udaletako alkateak, eskolako zuzendaria eta ikasketa burua, baita plataforma honetako partaide bat ere". Lakuan orain artekoaz informatzen hasi ginen, "hutsetik, nonbait Hezkuntzan sartu dan lan-talde barrian ez zeukaten Haizederren inguruan hartutako erabakien berri". "Sei asteko epea eskatu eben eguneratzeko eta LHra sartu behar diren 6 umeen inguruko erabaki bat hartzeko". Eta nahiz eta itxaronaldian izan behar, erabakiaren esperoan direla galdera bota dute: "Lehen Hezkuntza noiz ezarriko da Haizeder eskolan?".

Haizeder HAnditzen

Egoera. Haur Hezkuntza ematen dute Haizederren eta etorkizune bermatuta dute, izan ere guztira 41 matrikula izango dituzte datorren urtean.

Lehen Hezkuntza. Guraso elkarteak behin eta berriz eskatu du Lehen Hezkuntza ezartzea. Honel abantailak ekarriko dizkie gazteei, "gure umeak 12 urtera arte etxetik gertu" izango direlako.

"Pandemiak egoera errotik aldatu du kontua, baina argi esan dezagun: ez du birusak erantzukizun osoa"

"Pena handiz ikusten dugu nola martxotik abendura arte ez digun inork erantzunik emon"

Haizeder Handitzen guraso plataforma