Eraberritzeari aurten ekingo diote. Hala zehazten du, behintzat, orain dela aste gutxi onartutako 2021 urterako Udal aurrekontuak. Izan ere, herriko Plaza “egungo beharretara egokitzea legealdi honetako helburu bat da, proiektu nagusi bat”. Honen diseinuan hasi aurretik, udal ordezkariek “herritarren iritzia eta ideiak ezagutu nahi dute, eta horretarako kontsulta-epea zabaldu du”, Udaletik adierazi dutenez. Urtarrilaren 29ra arte izago dute epea zabalik bizilagunek, “nahi duten guztiek beren ideiak eta planteamenduak eman” al dituztelarik “Herriko Plaza berriaz gozatzeko”. Lan horretarako 18.000 euro gorde ditu toki-administrazioak aurrekontuan.

“Herriko Plaza, herriaren erdigunea izateaz gain, herritarrentzat gune esanguratsua, erakargarria eta erosoa izatea nahi dugu, eta horregatik, proiektuan lanean hasi aurretik, herritarren iritziak en-tzun nahi ditugu”, Gautegiz Arteagako alkate Juan Felix Naberanek adierazitakoaren arabera. Hala da, zeren udalerriko erdigune nagisia da. Bertan batzen dira Udalaren eraikina, Aretxederreta Kultur Etxea, zenbait taberna eta baita herriko frontoia ere. “Pertsona bakoitzak, bere bizi-ereduari lotuta, premia batzuk izango ditu, eta gure helburua, ahal den neurrian, premia hoiek guztiak ahalik eta ondoen batzea da”. Naberanek gaineratu duenez, “gainera, inork ez du gure bizilagunek baino hobeto ezagutzen Herriko Plaza, horregatik, ziur gaude berritzeko ideia asko emongo dituztela”.

Herriko Plaza berritzea “proiektu garrantzitsua” da Gautegiz-Arteagako bizilagunetzako. Bada, aurten, Udalak 18.000 euroko aurrekontu-partida esleitu du hau diseinatzeko. “Haurrentzako jolas parkea barritu zen bezala, herritarrei beren ideiak eta iritziak plazaratzeko aukera eman nahi zaie”. Urtarrilaren 29ra arte, iradokizunak aurkeztu gura dabezen pertsona guztiek, Jakinarazi dutenez, “idazketa batekin edo zirriborro eta marrazkiekin egin daiteke proposamenak”, beti ere Gautegiz-Arteagako Udalaren helbideetara helaraziz. Hiru bide desberdin ireki dituzte horretarako. Posta elektroniko bitartez egin liteke -udala.gautegiz@bizkaia.org helbidean-; zuzenean udaletxera bertaratuz goizeko 9:00etatik egueriko 14:00etara; edo Kultur Etxera ere hurreratu daiteke ideiak uzteko, arratsalde parten eta 16:00etatik 20:00etara bitartean.

Bigarren saiakera

Herriko plaza ez da urteko inbetsio bakarra izango Gautegiz-Arteagan. Besteak beste, 15.000 euro bideratuko dira hirigintza-plangintzara (Hirigintza Antolamendu Plan Orkorra egiten ari dira gaur egun, nahiz eta prozesua luzerako da); bide-seinaleztapena hobetuko dute udalerrian zehar (18.000euro) eta Kanalako trafikoa baretzeko ere beste 1.000 euro gorde dituzte. Udal-eskolaren azpiegiturak hobetzea (20.000 euro) da aurrekontuan sartzen den beste inbertsioetako bat. Azkenik, 10.000 euroko partida bat bideratu da Zelaieta kaleko erdigunean lurzorua lortzeko. Egun proiektu garaian da Gautegiz Arteagan trafikoa baretzeko ekimena, espaloiak handituz eta bi errotonda egitea da asmoa: bata Urdaibai Bird Centerrerako sarreran, eta bestea Laidako hondartzarako gurutzabidean.

Bestetik, Herriko plaza eraberri-tzearena ez da Udalaren lehen esperientzia parte hartzearen esparruan. Izan ere, Gautegiz-Arteagako Udalak beste saiakera bat egin zuen orain dela gutxi. Iazkoan izan zen, umeen parke biziberritzeko. Toki-erakundeak bi aukera eskaini zituen, bere sare sozialetan ikusgai egon zirenak.