Azkenaldian diru-laguntza plana ireki du Markina-Xemeingo Udalak, herriko ostalarientzako, Leartibai Garapen Agentziaren bitartez. Oraingoan, udalerriko ostalariek aukera berria izango dute, kasu honetan terrazetan inbertitzeko. Covid-19aren egoera bereziak eraginda, ostalaritza-establezimenduei zuzendutako laguntzak emango ditu herri-administrazioak, "aktibitatea garatzen den lokalaren kanpoaldeko terrazetako instalazioak finantzatzeko. Era horretan, toldoak eta/edo alboko babesak ipini ahalko dituzte tabernari eta ostalariek, batez ere neguko hilabeteei begira, bezeroak babesteko". 27.400 eurotik gora bideratuko ditu Udalak, "gehienez 1.000 euro" jasoko dituelarik aktibitate bakoitzak.

Tokiko Gobernu Batzarrak abenduaren 17ko bilkuran onartu zituen deialdiaren oinarriak, Udaletik zehaztutakoaren arabera. Aldez aurretik, hala ere, herriko ostalaritza-establezimendu guztiei "deialdiaren berri eman die Udalak, eta dokumentazio gehigarria ere bidali zaie, egin ahalko dituzten inbertsioetarako orientabide moduan izateko".

"Hasiera batean, gehienez 1.000 euro jasoko ditu aktibitate bakoi-tzak, baina eskaera kopuruaren arabera laguntza handiagoak jaso ahal izango dira, betiere gainfinantzaketarik ez badago, zehaztutako diru-partida (27.441,92 euro) osorik banatuko baitu Udalak". Jakinarazi dutenez, Markina-Xemeingo ostalaritza sektoreko aktibitateak izango dira diru-laguntzen onuradun, "betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: Markina-Xemeinen kokatutako establezimendua izatea; ostalaritza aktibitatea izatea; lokalaren kanpoan Udalak baimendutako terraza zerbitzua edukitzea; Lurraldea udal arloak ezarritako baldintzak betetzea, instalatu nahi diren estaldura-elementuek bete beharreko irizpide teknikoei dagokienez; Markina-Xemeingo Udalarekin zorrik ez edukitzea eta covid-19ak eragindako egoeragatik inbertsioak egin behar izatea".

Izapideak egiteko aukera orain dela gutxi zabaldu dute. Eskaerak egiteko epea, bestetik, datorren urteko urtarrilaren 31ra artekoa izango da. Horretarako, terrazetan inbertsioak egiteko laguntza eskatzen dutenek emailez egin ahal izango dute -udala@markina-xemein.eus- edo aurrez-aurre, udaletxeko Berton bulegoan. Deialdia, oinarriak eta egin daitezkeen inbertsio ereduak" jasotzen duen informazioa ere publiko egin da, www.markina-xemein.eu webgunean.