BERMEO. Koronabirusaren pandemiak eragin zuzenak eta kaltegarriak izan ditu gizartearen ongizate fisiko zein mentalean. Hori dela eta, Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak (GOUP) bi programa jarriko ditu martxan 2021ean: 'Gorputza martxan' eta 'Burua martxan'.

Bi programa hauen helburua da zahartze aktiboa sustatzea. ‘Gorputza martxan’ programaren kasuan galera kognitiboa ekiditu nahi da eta ‘Burua martxan’ programan, ordea, galera fisikoa. Plaza mugatuak izanik, parte hartu nahi duten pertsonek urtarrilaren 7an egingo den zozketan izena emanda izan beharko dute. Zozketan parte hartzeko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatura deitu beharko dute (946 17 91 60) abenduaren 30a baino lehen. Taldeetan lehentasuna izango dute 75 urte edo gehiago duten herritarrek, menpekotasun egoera gradu I dutenek edo senitarteko jagole direnek.

Indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak direla eta taldeen antolakuntza aldatu da. ‘Burua Martxan’ programan 20 pertsonek parte hartu ahal izango dute, lau taldetan banatuta. Parte hartzaileek 55 urtetik gorakoak izan beharko dute eta ezingo dute buruko gaixotasunik izan. Astean saio bakarra egingo da, Bermeoko Kultur Etxean, astelehenetan edo eguaztenetan, eta ordu eta erdiko iraupena izango du.

‘Gorputza Martxan’ programan 40 pertsonek parte hartu ahal izango dute zortzi taldetan banatuta. Parte hartzaileek 55 urtetik gorakoak izan beharko dute eta ezingo dute gaixotasun fisiko larririk izan. Astean ordu beteko saio bakarra egingo da Kultur Etxeko ‘Nagusien txokoan’.