Aspalditik datorren ogibidea da, baina etengabe ideien bila ari da atunaren arrantza sektorea. Bizkaiko Foru Aldundiaren Beaz erakundeak Biok! erronka berria plazaratu du, “arrantza jasangarrian munduko erreferente diren Albacora eta Pevasa enpresekin batera eta Bermeo eta Gernikako udalen laguntzarekin”. Arrantza arduratsuaren aldeko ideien bila ari dira, eta horretarako lehiaketa plazaratu dute.

“Proposamenak abenduaren 11 baino lehen aurkeztu beharko dira, 18.00etan. Epe hori amaitu ondoren, arretaz aztertuko dira. Aurreikuspenen arabera, urtarrilaren 18tik 22ra bitartean, aurrez hautatutako taldeek banakako elkarrizketa bat izango dute, on line edo telefonoz, euren proiektua zehazteko”, dkote Beazeko arduradunek. Ondoren, finalistak erabakiko dira, eta otsailaren 2an eta 3an In factory innovation, “Albacora eta Pevasako talde teknikoekin batera lan egiteko aukera emango dien elkarsortze-tailerra”. Azkenik, otsailaren 26an emango da argitara proiektu irabazlea. “Hurrengo hilabeteetan, 15.000 euroko proiektu pilotu bat egingo da Albacora eta Pevasarekin batera”, eta irabazle suertatzen direnek Bermeotik ekimena garatzeko aukera izango dute.

Bermeoko enpresek berrikuntza irekiko erronkak plazaratu diete “startup, ETE, ekintzaile, teknologia-zentro eta unibertsitateei”. Hala, zenbait galderei erantzun beharko diete: “Nola lagundu dezake eragiketa komertzialak digitalizatzeak kontsumitzailea babesten atunaren balio-katean jasangarritasun- eta legezkotasun-estandarrak sistematikoki ez betetzetik? Nola egiaztatu egindako arrantzaren legezkotasuna eta hori egiaztatzen duen prozesuaren segurtasuna, arrantza osatzen duten eragile guztiei informazioa eskuratzeko aukera ziurtatuz eta erraztuz?”.

Ekimena iaztik datorren kontua da. 2019an, Bermeo eta Gernika-aldeko agentziekin eta Busturialdeko trakzio-enpresekin batera, eskualderako enpresa ideien bila hasi ziren, zenbait sektoretan. Erronkei erantzuna 2021ean ematea espero dute.