Talentatu programa beste behin jarri dute martxan

Busturialdeko eta Lea-Artibaiko ikasleen talentua garatu nahi du ekimenak

09.11.2020 | 01:18
Iazko Talentatu programaren partehartzaileen irudia.

Koronabirusak hainbat egitasmoa bertan behera laga badituen ere, Talentatu programak segida izango du 2020-2021 ikasturtean. Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier enpresek eratzen duten Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkarteak, Azaro Fundazioarekin elkarlanean, orain dela bi ikasturte martxan jarritako ekimena mantendu nahi izan du. Jomuga zehatza dute begitartean: "Nagusia talentua sortu, mantendu eta erakartzea", eskualde bietako ikasleen gaitasunak hobetzeko.

"Talentua sortu lan-ildoaren bitartez, etorkizunari begira, eskualdeko ikasleak eskualdean lanean gelditzea sustatu nahi da, enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlanaren bidez ikasleak eskualdearekin eta bertoko enpresekin duten harremana eta ezagutza hezkuntza ibilbide guztian zehar txertatuz". Hala azaldu dute Azaro Fundaziotik. Orain bi urte hasitako bidea jarraituko dute, beti ere egoera berriari egokitutako plangin-tza diseinatuz. "Hainbat ekintza landuko dira, STEAM (Science, Technology, Engineering, Art, Mathematics) ikasgaiak sustatu, zientzia eta teknologiarako zaletasuna piztu, eskualdea ezagutu, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria-sarea nolakoa den ikusi eta etorkizunean bertoko enpresak beharko dituzten langile profilak ezagutzera emateko asmoz". Ikasturtean zehar ere hainbat ekintza egingo dituzte, "hain beharrezkoak diren zeharkako gaitasunak garatuko dituzte, eta ikasturte honetan, gainera, IKTak are eta presentzia handiagoa izango dute, garatuko diren ekintza asko era birtualean egingo baitira".

Ziurgabetasun garaiak badira ere, "proiektuaren antolatzaileek programan parte hartzera animatzeko deia egin nahi dute, esperientzia aberasgarria izan baitaiteke elkar ezagu-tzeko, zubiak eraikitzeko eta etorkizuna elkarlanean lantzeko". Eta diotenez, "aipagarria da ekintza guzti horiek aurrera eraman ahal izateko ikastetxeek egiten duten ahalegina, ekintza horiek beraien kurrikulumean txertatzen baitituzte". Antolatzaileen esanetan, "eskertzekoa da, bereziki, kooperatibetako profesionalen lana jarduera horietako ba-tzuk burutzeko orduan, baita ikasleen familien, herritarren eta inguruko eragile ezberdinen inplikazioa ere".

Emaitzak
 

Lehen edizioa martxan jarri zenean, "15 ikastetxe eta ia 2.000 ikaslek parte hartu zuten, Lehen hezkuntzako lehen mailako ikasleetatik hasi eta Prestakuntza Zikloetako ikasleetaraino". Besteak beste, kooperatiba eta enpresetara bisitak, hitzaldiak, egun bateko egonaldiak kooperatibetan, herri trukaketak, ikastetxeetako orientatzaileentzako bisitak enpresetan,eta kooperatibetako langileen bisitak ikastetxeetan, eta bukatzeko Lea-Artibaiko Zientzia eta Teknologia Eguna ospatu zen.

Protagonistak

Kooperatiben mahaia. Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier enpresek eratzen dute Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkartea. Azaro Fundazioarekin elkarlanean, orain dela bi ikasturte martxan jarri zuten Talentatu.

Ikasleak. Lehen edizioa martxan jarri zenean, 15 ikastetxe eta ia 2.000 ikaslek parte hartu zuten.