Azken urteetan beste zenbait kaletan egin duten moduan, Bermeoko Udalak orube berri bat berreskuratu du alde zaharrean. Gune historikoan hobekuntzak egitea du jomuga udal gobernuaren egitasmo estrategikoak, eta kasu honetan Intxausti kaleko lurzoru bat errekuperatu dute, 2019an erosi ostean, herritarrentzako eskuragarri jarriz. “Guztira, 22.135 euro inbertituko ditu bertan eta plaza txiki bat egingo da, esertzeko bankuak eta berdeguneak izango dituena”, adierazitakoaren arabera.

Bermeoko udaletik adierazi dutenez, helburua da “alde zaharra hobetzea eta bizitzeko atseginagoa egitea”. Izan ere, “lan hauek herritarrei aisialdirako beste aukera bat emango diete. Guztira, hilabete bat beharko da obrak bukatzeko”. Intxausti kalean dagoen lursail hau izan da errekuperatzen azkena, baina proiektu estrategikoak gune historikoan eragitea du jomuga eta azken urteetan beste haonbat ekimen txiki egin dira alde zaharra bizigarriagoa egiteko. Zentzu honetan, azken hau “aurrerapausotzat” jo dute. “Bada, orain egingo diren lanei esker, herriko alde zaharrak espazio publiko berri txiki baina atsegin bat izango du”. Aldez aurretik, Andra Mari kalean ere lurzoru bat errekuperatu zuten -Berualaren ondoan kokatutrakoa-, gimnasia egiteko zenbait makina jarriz. Eta iraganean ere Talakoetxea 2 zenbakiko gunea edota Irakaskintza kaleko aterpea egin ziren, besteak beste.

Beste ekimen esanguratsuenetako bat Bekoportale gunearen irekiera izan zen. Hurtado de Mendoza kalean (Mokoneko aldatzan) dagoen orubearen eta lokalaren etorkizuna herritarrekin batera definitu zuen Udalak, eta urteetan egindako lanak fruitua eman zuen iazkoan, eraikin berria martxan jarri zenean. Orduz geroztik, eraikinak zerbitzu berria ematen die bermeotarrei, 0 eta 5 urte bitarteko umeei zuzendutako espazio baten. Haurrez gain, Bekoportalek -gunearen edukiera 50 pertsonakoa da- aukera ematen du erakusketak, hitzaldiak edota proiekzioak hartzeko ditu, erakusleiho soziala zabalduz.

Alde zaharrean, orotara, hobetzeko beeharra zuten 13 gune identifikatu zituen Bermeoko Udalak 2016an, eta pixkanaka hauek errekuperatzen dihardute. Baina ekintza guzti hauek aurrera atera ahal izateko plangintza berezia du udalak, orain dela hiru urte egikaritu zen Alde Zaharraren Plan Berezia. Aurrekoa 2001 urtekoa zen, baina lan berriak beharrizanak identifikatu zituen, diagnosia egin ostean. Hainbat datu azalarazi zituen ikerketak, baina etorkizunean berraktiobatzeko gunea dela baieztatu zuen egindako analisiak, 3.300 biztanleko gunea izanik.