Udal administrazioetan hain ohikoa den kreditu aldaketa bat egin ostean, aste honetako azken Osoko Bilkuran onartu zena, Markina-Xemeingo Udalak 315.064 euro erabiliko ditu hainbat inbertsio egiteko. Etorkizunera begira "Markina-Xemein hobeago bat eraikitzera bideratuak", tamaina ezberdinetakoak izango dira. Besteak beste nabarmentzekoak dira udalerrian lehenengoz egingo den plan energetikoa, irisgarritasun plana eta honi atxikitako bizikletentzako bidea, kanposantu ondoko lurretan eraikiko den txakurtegia edota Atxondo kiroldegian egingo diren hobekuntzak.

"Udala hasia da jada inbertsio batzuk aurrera eramaten; besteak beste, frontoian eta kultur aretoan gas galdarak jarriko dira (89.651 euro). Lan hauek aurrera eramateko Aldundiaren dirulaguntza jaso" dutela zehaztu dute. "Lanen kostu osoaren %60koa da diru-laguntza", hain zuzen. Bestetik, etorkizunean plan desberdin bi egingo dituzte: lehendabizi, 14.372 euroko Irisgarritasun Plana, "hirigintza inklusiboa eta jasangarria bultzatzeko". Eta honi lotuta, bizikletentzako bidea eta seinalizazio lanak -45.550 euro- ere egingo direla nabarmentzen du Markina-Xemeingo Udalak.

Egitasmo honek "bizikleten erabilera sustatzea eta herri barruan ibilgailuen abiadura murriztea ekarriko du, bai oinezkoak eta bai bizikletak erdigunean jarriz, eta herriguneko paisaia bera ere eraldatuz, neurri batean". Udala aurre-proiektu bat lantzen ari da gaur egun, "eta aurrera begira prozesu parte-hartzailea izatea nahi da, herrira begirakoa eta herritarren ekarpen eta ikuspuntuak kontuan hartuz aurrera eramango dena". Azkenik, beste bi lan egingo dira zebrabideetan argiak jarriz eta Xemein Etorbidean ibilgailuen abiadura moteltzeko errepideko bandak jartzea, 2.178 euroko kostuarekin.

Udalak aurki egingo du kanposantu ondoko lurretan txakurtegia 7.307 euroren truke; Uhagoneko garita botako du eta Bekobenta Eskolako Oizpe Guraso Elkarteari emandako diru-laguntza baten bitartez jolasgune berria eraikiko da herriko ikastetxean. "Herritar ugarik erabiltzen duten Atxondo Kiroldegian ere izango da inbertsiorik epe laburrean", diotenez. Aipatzekoak dira kiroldegian mantenimendu lanak modu seguruan egin ahal izateko bizi-tza lerroen instalazioa eta "2019an igerilekuko dutxetan egindako igeltseritza eta iturgintza lanak, Udalak bere gain hartu dituenak".

Azkenik, "herrian egingo diren obra garrantzitsuenen artean nabarmentzekoa da Toldope taberna aurreko eta San Roke Egotetxearen pareko kanaloien konponketa. Honi gehituko zaio Iruzubietako lanen hasierako fasea", 48.744 eurokoak. Udaletxeko eraikinean ere izango da berrikuntzarik. "Teknologia berrien aldeko apostua eginez, pantaila berria jarriko dela pleno aretoan. Elementu hau oso baliagarria izango da bertan egiten diren ekimen, aurkezpen eta ekitaldietarako, pantaila bidez proiekzioak egiteko edo bilerak modu telematikoan egiteko, besteak beste. Era horretan, pleno aretoak beste dimentsio bat hartuko duela" uste du Udalak.

Zerga eta tasak

Aho batez. EAJk eta EH Bilduk aho batez onartu dute zerga eta tasak izoztea. Herritar askoren egoera ekonomikoa "egun batetik bestera aldatu eta okertu dela jakinik, Udalak datorren urtean tasak eta zergak bere horretan mantenduko ditu,". Ez da igoerarik aplikatuko hainbat zergetan. Horrez gain, terrazei Bide Publikoaren Okupazio tasan %50eko hobaria 2021eko maiatzaren 1era arte luzatzea ere onartu dute.