Atzo bertan abiatu zuen Bermeoko Udalak bolumen handiko hondakinak biltzeko zerbi-tzuaren gaineko informazio-kanpaina berri bat. Izan ere, etxez-etxe eskuorri bat banatuko du, hondakin hauek nola eta noiz bota behar diren jakinarazteko. Gainera, zerbitzua eskatzeko telefonoa aldatu dela ere adierazi da. Bermeoko alkate Aritz Abaroak herritarren kolaborazioa eskatu du, "hondakinak modu egoki batean botatzeko eta, honela, herri garbi, antolatu eta atseginagoa izateko".

Zerbitzuan eman beharreko poausoei dagokienez, "herritarrak, orain arte bezala, hiru pausu egin beharko ditu bolumen handiko hondakinak uzteko". Lehenik eta behin, 647349533 telefonora deitu edo Whatsapp-en bidez mezua bidaliko du. Honela, zer bota eta non utziko duen adieraziko du". Hau egiteko azken eguna aste bakoitzeko astelehena izango da. Ondoren, "astearte gauean, adierazitako tokian utzi beharko du hondakina. Hori bai, biltzeko erraza izango den tokia aukeratu beharko du, langileei erraztasunak emateko". Azkenik, udalaren kamioia bolumen handiko hondakinaren bila "asteazken goizean pasako da. Gogorarazten da erabat debekatuta dagoela hondakinak edozein egunetan ateratzea, edozein tokitan uztea eta abisurik ez ematea".

Jakina da udal gobernuak legegintzaldi hasieran zenbait lan-ildo ezarri zituela, Horietako bat da "Bermeo garbi bat izatea". Hala gogorarazi du alkate Aritz Abaroak: "legealdi hasieratik esan genuen bizitzeko atsegina den Bermeo garbi bat nahi genuela. Bada, bolumen handiko hondakinak behar bezala botatzea ezinbestekoa da helburu hori lortzeko. Horretarako, herritarren kolaborazioa behar dugu. Oso garrantzi-tsua da definituta dauden hiru urratsak behar bezala egitea".

Isunak

Bada, hasi berria den informazio kanpainak zer eginak plazaratuko die bermeotarrei, era errez eta txukunean. "Lan hori errazteko eskuorri bat bidaliko dugu etxe guztietara eta kartelak jarriko dira herrian zehar, inork ere zalantzarik izan ez dezan. Hiru pausu erraz dira eta seguru gaude bermeotarrek oso ondo egingo dutela. Elkarbizitza egoki bat izateko ezinbestekoa auzokidea errespetatzea eta, noski, horretarako, hondakinak dagokien egunetan atera eta leku egokietan utzi behar dira". Eta udaleko arduradunek zera jakinarazi dute: pausu hauek ez jarraitzea legez kanpokoa dela. "Hondakinak ezin dira edonoiz, edonon eta edozelan utzi. Legez kanpokoa da eta jarrera ezegokiak ikusten badira, isunak jarriko dira", adierazi dutenez.