Magallenesek hasitakoa eta Elkanok bukatutakoa, lehen mundu biran hainbat euskaldun izan ziren ontziratuta. Hiru urteko espedizio luzea, euskaldunen aportazioa berebizikoa izan zen balentria egin ahal izateko, bereziki bizkaitarrena. Zehazki, 21 izan ziren, eta gainerakoak gipuzkoarrak, nafarrak eta Lapurdikoak. Eta, euren tartean, Bermeoko udalerriak eman zituen marinel gehien: zazpi. Itsasgizon trebeak, Arrantzaleen Museoak erakusketa bat du ikusgai gaur egun bere goiko solairuan, Akurio eta Elkano 1519-1522. Bizkaitarrak lehen mundu biran izenburupekoa, eta honen bitartez Juan Akurio kontramaisua, Pedro Txindarza, Anton Basozabal, Juan Agirre, Martin Insaurraga, Pedro Mugertegi eta Pedro Sautua bermeotarren nondik norakoen gainean gehiago ezagutu liteke.

“Erakusketak nabigatzaile trebe horien biografiari buruzko informazio guztia jasoko du, haien ametsak eta motibazioak, ontzian izandako karguak eta gorabehera ezagunak azalduko ditu, bai haien bizitzari eta jatorriari buruzkoak, bai bidaian zehar izandako gertaerei buruzkoak. Elkanorekin batera munduko bira osatzea lortu zutenen irudia ahaztu gabe”, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura sailetik gaineratu duten moduan. “Horrelako bidaia batek garai hartan, oso ezagunak ez ziren hainbat alderdi zekartzan, hala nola nabigazio zaharreko eta ontzigin-tzako teknikak, ontziko bizimodua, gaixotasunen aurkako borroka eta euskaldunek egindako lanbideen deskribapena”.

Erakusketa zabalik da jada, Ertzilla dorrean kokatzen den museoan. Eta hainbat informazio eskaintzen du. Lorpen kolektibotik abiatuta, pertsonaia bakoitzaren deskribapena egiten du. Akurio kontramaisua da pertsonaia nabarmena -bera eta Txindarza izan ziren munduarilehen bira eman zioten bermeotar bakarrak-. Concepcion itsasontzian egin zuen buruzagi lana, Elkanoren gidaritzapean. Txindarza -itsasmutila, Cabo Verden atxilotu zutena-, Basozabal -kalafatea eta kontramaisu izandakoa-, Agirre -marinela-, Insaurraga -Vizcaino ezizenez ezagutzen zutena- eta Mugertegi -Bermeoko Perutxoaz ezagutzen zuten itsasmutila- eurekin ziren, ontzi berean. Sautua -arotz lanak egiten zituen-, bestetik, San Antonio on-tzian zen. Cadizeko Sanlucar de Barramedatik abiatuta 1519ko irailaren 20an, Moluka uharteetara jo nahi zuten, mendebalderantz joanda. Bost itsasuntziz osatutako espedizioan, horietatik hiru euskal jatorrikoak ziren. Rio de Janeiron eskala, negu gordinaren sufrikarioak Patagonian, hondoratzeak, goseteak eta gaixotasunak... hainbat ezbeharrei aurre egin behar izan zieten marinelek.

Azkenean, nao Victoria ontzian salbu ziren 18 gizon iritsi ziren Sanlucarrera, portu hartatik bertatik irten eta ia hiru urtera, 1522ko irailaren 8an zehazki. Itsasoratu ziren bost ontzietatik bakarra iritsi zen. Lau ziren euskaldunak: Getariako Elkanoz gain, Akurio bermeotarra -kapitainaren konfiantzazko postua hartu zuen-, Juan Arratia bilbotarra eta Juan Zubileta barakaldarra. Munduari lehen birak, hala ere, beste hainbat bizkaitar partaide izan zituen: Bilboko sei gizon, Bakiokoa, Arrigorriagakoa, Lekeitiokoa, Portugaletekoa, Galdakaokoa...

Erakusketak, bestetik, hainbat kontu erakusten ditu. Hala nola, garai horretako armak, ontzi gaineko bizimodua edota nabigaziorako erabiltzen ziren tresnak. Azkenik, omenaldirako tartea ere eskaintzen du: Mairin Mitchell irlandarrari egiten dio aipamen, Europako ontzigintzaren historian murgildu zen emakumeari. Bereziki, “euskal itsasgintzaren balentriei ozeanoko epopeia handiei” buruz jardun zen.