- Zirriborro baten batu dituzte hainbat kapitulu, baina etorkizunean ondarroarrek posible izango dute bataio zibilak edo herritartasunera ongi etorri ekitaldiak ospatzea. Ordenantza errealitate bihurtzeko pausoak eman ditu Udalak, helburu zehatz batekin: “ongi etorria ematea jaio diren pertsonei, hau da, zeremonia zibil eta laikotzat hartzen da, eta gurasoek/tutoreek adingabea balio zibikoetan, demokratikoetan eta berdintasunean eta errespetuan hezteko konpromisoa plazaratzen dute”. Udal-titulartasunpeko eraikinetan egin ahal izango da. Zirriborroaren arabera, Kofradia Zaharreko lehenengo eta bigarren pisuko aretoetan egin ahal izango da zeremonia.

Ordenantzari ekarpenak egiteko aukera zabaldu dute. “Hauek urriaren 30erako (egun hori barne) aurkeztu behar dira, hau da, albistea argitaratu den egunaren (urriak 16) biharamunetik hasita 10 laneguneko epean. Udalak herritarren parte hartzea sustatu eta bilatu nahi du ekarpenak jaso eta ahalik eta ordenantza osatuena idazteko”, diotenez. Herritarren iritziak batzeko aukera izango da orokorra@ondarroa.eus posta elektronikora mezu bat bidaliz edo Udal Erregistroaren bidez. “Posta elektronikoz idatziz gero, izenburuan edo gaian, Herritartasunera ongi etorria edo bataio zibila jarri behar da”. Banan banan aztertu ostean, eta ekarpenen egokitasunaren inguruan eztabaidatu ondoren, “ordenantzaren proiektuan sartu edo ez erabakiko da. Hortik aterako da ordenantzaren behin betiko proiektua, gero plenora eramango dena”.

Ondarroako udal-titulartasuneko lokaletan Herritartasunari ongi etorria emateko ekitaldien prozedura eta gauzatzea arautu nahi du ordenantzak. Zirriborroaren arabera alkateak, zinegotziak edo gurasoek/tutoreek izendatzen duten pertsonak egingo du zeremonia, eta printzipioz ez du inongo balio juridikorik izango, haurrak gizartean eskubide osoko herritar gisa harrera egiteko ekitaldi publiko bat egiteaz gain, eta gurasoek edo legezko tutoreek hura askatasun, berdintasun eta errespetu-printzipio demokratikoetan eta herritar gisa dituzten betebeharretan hezteko konpromisoa hartzeaz gain”. Oraindik zehazteke baden ere, “ekitaldiak, gehienbat, ostiraletan -17:00htik 20:00tara eta larunbatetan -12:00tik 14:00tara- egingo dira” eta gehienez ordubeteko iraupena izango dute. Ekitaldiaren amaieran, azkenik, adingabeak Herritartasunaren Gutuna jasoko du.

Bataio zibilak edo herritartasunera ongi etorri ekitaldia ez da kontu berria Euskadi mailan, baina ez dute Udal askok aukera ematen. Muskiz izan zen Euskal Autonomi Erkidegoan aitzindari, 2010 urtean egin zen zeremonia batean.