BERMEO. Bermeoko Udalak 311.962 euroko inbertsioa egin du herrian zehar 205 sastar eta paper edukiontzi berri jartzeko. Edukiontzi berriak 'renting' sistemaren bitartez instalatuko dira, 5 urteko kontratuarekin. Lanak egunotan hasi dira dagoeneko.

Bermeok beharrezkoa zuen herriko sastar eta paper edukiontziak berritzea (15 urtetik gora zituzten). Urteen joan etorriekin herriko zenbait puntutan zeudenak hondatuta zeuden eta aldatzeko premia zegoen. Bada, udan zehar kontenedoreak egin ostean, Udala kontenedoreak jartzen hasi da. 145 hiri hondakinak biltzekoak (errefusa) dira eta, 60, papera eta kartoia jasotzekoak.

Gaur egun arte Bermeoko kaleetan zeuden errefusa eta papera eta kartoizko edukiontziak Udalarenak ziren. Baina kontratu berriari esker, une honetatik aurrera mantentze-lanak ez dira Udalaren kontura izango, esleipena duen enpresaren kontura baizik. Honenbestez, une honetan, edukiontzi organikoa izango da bere esku egongo den kontenedore mota bakarra. Beira edukiontziak Ecovidriok eta ontziak jasotzen dituztenak Garbiker enpresek kudeatzen dituzte.

Bermeoko Udal gobernuaren helburu estrategikoetako bat da Bermeo garbi eta ordenatu bat izatea eta gaur aurrerapauso garrantzitsua eman da zentzu honetan. Gainera, Udaletik gogorarazten da guztion ardura dela herria behar bezala zaintzea eta edukiontzi hauek modu egokian erabiltzea. Honela, dei egiten da hondakinak kontenedore barruan sartzeko eta bazterretan ezer ere ez uzteko. Bizikidetza bermatzea denon ardura izanik, guztion konpromisoa beharrezkoa da herri garbi bat izan nahi izatekotan. Era berean arduradunek gogorarazi dute, hondakin hoberena sortzen ez dena dela.

PLANGINTZA

Edukiontzi berrien instalazioa Solluben, Zubiaur tar Kepan, hasi da, Txibitxiaga amaierara arte. Bertatik, teknikariak Kaibidean eta portu zaharrean hasiko dira lanean, ondoren Askatasun Bidera eta Erreñezubira (Artike Bidea, Almike Bidea, San Andres, Erreñezubi, Dibio / Adubidxe, Ondarraburu, Artieda tar Iñigo) heltzeko. Horren ostean, lanak Doloriaga kaletik gora (Bizkaiko Jaurerria, Atalde, Bizkai Buru, Matxitxako, Arresi, Alde Zaharra) egingo dira, Talan amaitzeko eta, azkenean auzoetara heltzeko.