Hegaluzea da, dudarik gabe, Bermeok eskaintzen duen gutizia gastronomikorik esanguratsuena. Arrantzatik hasita eta elikagai eraldatzera arte, atuna presente da udalerrian. Hori dela eta, Bermeoko Udalak eta Bermeo Tuna WorldCapital-ek, eskualdelo Urremendi Landa Garapen Elkartearekin batera Hilabete Gastronomikoak antolatu dituzte. Hegaluzez osatutako bost plater tipiko izango dira protagonista, abuztutik abendura arte, hilero. Eta bertako hamar jatetxek parte hartuko dute, uneoro arrain hau osagai nagusi duten platerrak eskainiko dituztelako.

Hitzorduak jada egutegian zehaztuta -atzokoan izan zen lehena, baina irailaren 4an, urriaren 3an, azaroaren 3an eta abenduaren 5ean ere ospatuko dituzte-, Udalak “herriko jatetxeen parte hartzea” goraipatu zuen. Euren sukaldariak izango dira marmita, Bermeo entsalada edota hegaluzea tomaterarekin bezalako errezetak erakutsiko dituztenak, eta merkatura edozein herritar eta bisitari bertaratu ahal direla gaineratu zuten. “Merkatura bertaratzen den edonork aukera izango du platerrak dastatzeko, baina baita nola egiten diren jakireko”, Kepa Zumeta Bermeoko Udalaren zinegotziaren esanetan.

“Hiru aldagai jartzen ditu harremanetan” Hilabete Gastronomikoak egitasmoak: “herriko gastronomia paregabea, hegaluzea eta herrian saltzen diren lehen mailako produktuak”. Honela, “pausu bat gehiago eman du herriko ekonomia berraktibatzea helburu duen Nik, BermeON” ekimenak. “Eta herritarrek eta bisitariek, plater hauek dastatzeaz gain, plater hauek nola egin ikasiko dute”, hilabete bakoitzean egingo diren sukaldaritza erakustaldiei esker. Atzoko aurkezpenean Zumetak nabarmendu zuenez, “showcooking-ak merkatuan egingo dira”, guztiak goizeko 11:00etatik aurrera. Arrazoia argigarria da: “kalitatezko eta bertako produktuak erosteko aukera paregabea ematen du gure merkatuak”.

Bermeoko hegaluzea izango da protagonista nagusia. Beharrezkoa zen hala izatea. “Udalak lotura estua egin nahi du atunaren eta herriko merkatuaren artean. Izan ere, ezinezkoa da plater tipiko hauek guztiak bertoko produktu hoberenik gabe egitea”, diotenez. “Hegaluzea Bermeoko ideario gastronomikoaren parte da; are gehiago, bermeotarren bizitzako parte da. Atunaren munduko hiriburua da Bermeo, balio kateosoa jaso (produktua eskuratu, landu, prestatu eta saldu) eta jasangarritasunean oinarritutako arrantzarako arteekin lan egitenduena”.

Urremendik ere parte hartze aktiboa izango du Hilabete Gastronomikoetan. Hala, hitzordu bakoitzeko eskualdeko txakolindegi bat ere erakustaldietan presente izango da. “Bertatik bertara ezagutu ahal izango dira zerbitzatuko den txakolinaren prozesua eta ezaugarriak, ekoizleek beraiek azalduko baitiete bertaratzen direnei”. Aitziber Antsotegi erakundeko arduradunak azpimarratutakoaren arabera, “Urremendik Busturialdeko lehen sektoreko produktuak sustatzen ditu, eta egitasmo honek helburu berbera du”. Sinergia sortzea, beraz, ezinbestekoa zela iritzi zion.

Merkatuan. Atzo eman zi-tzaion hasiera merkatuan sukaldaritza erakustaldien ekimenari, Kafe Antzokiak egindako marmitarekin. Bada, irailaren 3an Bermeoko entsaladaren txanda izango da, Kasino jatetxearen eskutik. San Pedro Kofradiak hartuko dio testigua -urriaren 3an- atuna tomatearekin sukaldatuz. Ostean -azaroaren 3an- atun albongidak egingo ditu Kai Aldek eta, azkenik, abenduaren 5ean Artzaren tartea izango da, kontserbako atun kutixiekin.

Jatetxeetan. Gainontzeko plater tipiko guztiak asteburutan bakarrik eskainiko dira herriko 10 jatetxetan. Almiketxu Erretegia, Artza, Bengoetxe Erretegia, Cannon Etxea, Kafe Antzokia, Kai Alde, San Pedro Erretegia, Akelarre, Bermeoko Kasinoa eta Toki Alai dira parte hartzaileak.