- Maietz Pasku, Sanjuanada eta Euskal Jaia bertan behera utzi ostean osasun egoera dela eta, abuztuko hasierako jaiak ere ez ospatzea adostu du Sukarrietako Udalak. Neurria "guztiz beharrezkoa" dela azaldu dute udal arduradunek, bai udalerriko bizilagunak eta baita bertara hurbiltzen diren bisitariak arriskuan ez jartzeko. "Erabaki zaila" da, "Jai Batzordeagaz adostutakoa da herriaren onerako", gaineratutakoaren arabera.

"Udalak, batez be, Sukarrietako bizilagunen eta bisitarien osasuna lehenesten du, eta, beraz, herritarrei arduraz jokatzeko eta osasun-neurriak errespetatzeko eskatzen die, guztion onerako". Izan ere, zuhurtziaz jokatzea erregutu dute, koronabirusaren pandemiaren berragertzea ekiditeko. Izan ere, eta Udaletik zehaztu dutenez, "ez du zentzurik jaiak bertan behera uztea, baldin eta, aldi berean eta gomendioen aurka, afariak, tortilladak, jarduerak edo bilerak antolatzen badira, eta horiekaz guztien osasuna arriskuan jar-tzen bada". Bada, "sen onarekin" jokatzeko eskatu dute.

"Dena dela, Sukarrietako Udalak Sukarrietako eta inguruko herritarrei eta udalerrian bizi diren guztiei eska-tzen die uda arduraz gozatzen jarrai dezaten", eta ez dezatela "antolatu edo parte hartu taldeko ospakizunetan edo ospakizun jendetsuetan jaiak egingo ziren egunetan eta jaietatik kanpo", diotenez.