- Zuzeneko arretaren ordutegiaz aparte, Gernika-Lumoko Udalak udal liburutegiak zerbitzua berria estreinatu du. “Herritarrei kulturarekiko harremana errazteko eta irakurzaletasuna bultzatzeko”, postontzi bat jarri da liburutegiaren sarreran, maileguan utzitako liburu, DVD edo CD aleak bertan uzteko.

“Aurrerapen hau eguneko 24 orduetan dago eskuragarri, eta, horri esker, edozein unetan mailegatutako liburuak, CDak eta DVDak itzuli ahal izango dira, liburutegia ireki arte itxaron beharrik izan gabe. Gainera, covid-19a ez kutsatzeko beste neurri gehigarri bat da “, zehaztu du Jokin Garatea Kultura zinegotziak. Izan ere, koronabirusak eragindako egoerak osasun-neurri bereziak planteatzera eraman du Udala, eta postontzia tendentzia honen baitan dago. Baina “postontziak abantaila garrantzitsuak eskaintzen ditu erabiltzaileentzat”, diotenez, “mailegu-mahaian ilarak saihesten dituelako eta erabiltzeko oso erraza delako”. Eta, bide batez, itzultzeko arauak mailegu-mahaian eragiketa hori egiten den “berberak dira, eta liburuak bizkarretik sartzea gomendatzen da, hondatzea saihesteko”, nabarmendu dutenaren arabera.

Hau ez da azkenaldian liburutegian ematen den berritasun bakarra. Izan ere “berritasunak eguneratu dituzte eta horiek azalduta, erabiltzaileek errazago aukeratu ahal izan dute titulua”, eta irakurketa pertsonalizatuak gomendatzeko zerbitzu bat abian jarri dute. Bestetik, WhatsApp bidezko berehalako mezularitza gaitu dute, “informazioa eskatzeko eta zalantzak berehala argitzeko”. Funtsa ere berrantolatu dute eta azkenik ingurumenarekin,aniztasunarekin edo komikiarekin lotutako atalak indartu dituzte.