- Uda garaia baliatu du Lekeitioko Udalak herriko zenbait hezkuntza zentrotan egokitzapena egiten hasteko. Irisgarritasuna bermatu eta beharrezko diren hobekuntzak egin dira lanen helburua, Larrotegin kokatutako herri eskola publikoan, haurreskolan eta AEKko eraikinetan egindo direnak. Asteotan ari dira lanean, Udaletik gaineratu dutenez, ikasturte berrirako prest egin daitezen. "AEK, haurreskola eta koloretako eskolan egingo diren lan guzti hauen kostua 147.000 eurokoa izango da eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin elkarlanean egingo dira", gaineratutakoaren arabera.

Uztailan bigarren hamabostaldian hasiko dituzte lanak eskola publikoan. Izan ere koloreetako eraikinean "irisgarritasuna, iragazgaiztasuna eta segurtasuna bermatzeko lanak egin ditu azken urteetan eta orain lan horiek amaitzeko azken fasea hasiko" dela azpimarratu dute Udaleko arduradunek. Egingo diren egoki-tzapenak txikiak izango dira: bigarren solairuan ur sarrerak ekiditeko estalki nagusian berritze lanak, fatxadan hobekuntzak edota gurpil-aulkiak sartu ahal izateko sei ate egokituko dituzte, besteak beste.

Udan zehar egiteaz gain, Lekeitioko eskola publikoan egin beharreko lanak "urte amaierara arte irautea espero da". Epe horretan "eskola zerbitzua normaltasunez ematea bermatuko da lanak egiten diren bitartean". Azken urteetan inbertsio ezberdinak bideratu ditu Udalak hezkuntza eraikin honetara, eta berau izango da azken fasea. "Fase guzti horiekin eskolako egokitze lanak amaitutzat emango dira", azaldu dutenez.

Haurreskolari dagokionez, "eraikinaren mantentze lanak egingo dira, besteak beste, margolanak, behenganeko konponketak, argiteriaren berriztea eta patiora irteteko emergentzia irteera egingo da". 215/2004 Dekretuan zehazten den bezala, Lekeitioko haurreskola izapide horretara egokitzeko egin behar diren lanak aurreikusten dituen proiektua idatzi da "eta hurrengo urteetan faseka gauzatuko dira lan hauek". Koronabirusak eragindako egoerak egokitzapenak atzeratu ditu, "baina hala ere lan batzuk egingo dira aurten".

Azkenik, Udalak eta AEK erakundeak elkarlanean arituta "Atea kaleko lokalak berritzeko proiektua aurrera eramaten ari da. Irakaskuntza hobetzeko lanez gain, irisgarritasuna bermatzeko egokitzapenak ere egingo dira. Lanak hasita daude jada eta irailaren amaierara arte iraungo" dutela nabarmendu dute.