KORIONABIRUSAK eragindako itxialdi hasi berri zenean hasi ziren lanean. Euskal Herriko makers delako mugimendua hasi berri zenean, eta birusaren kontrako autobabeserako materiale faltak alarma guztiak piztu zituenenean. "Gure laguntzatxoa emateko, besterik ez", hasi ziren lanean. Hala dio Barrutialde Lanbide Heziketa zentroko maisu den Jon Apeztegiak. Enekoitz Urtusagasti eta Ugutz Trespalaciosek osatzen dute hirukotea, azken aste hauetan 120 babes pantaila egin izan arte. Eta hauek eskuragarri jarri dituzte Gernika-Lumoko Udaltzaingoenean.

"Artekaleko 10. zenbakian izango dira eskura", azaldu dute Udaleko ordezkariek. Eta hauen arabera, "krisia gainditu arte egongo dira Barrutialdekoak lanean". Hala baieztatzen du Apeztegiak. "Aukera badugu gure hiru dimentsioko inprimagailuak erabili ahal izateko. Eta beharrizana dagoen artean arituko gara lanean, izan ere osasun zentroetan, zaharretxeetan edota beste hainbat gunetan beharrizana izan badago". Bada, banaketa Udalak kudetuko du, "euren irizpideen arabera". Barrutialdeko inprimagailuak bere etxera eramanda, lan luzea dute aurretik, ordu askotakoa. "Diademak egiten ditugu guk gure makinekin, eta gero hauei plastikozko pantaila soil bat jarrita nahikoa da erabilgarri egiteko". Bada, azken asteotan "120 inguru egin dituztela" azaldu dute.

Diadema bakoitza egin ahal izateko "hiru ordu inguru" ematen ditu makinak. Euskadiko lanbide heziketa zentroak koordinatzen dituen Teknikatik jaso zuten abisua, itxialdia hasi berir zenean. "Posta elektronikoz jaso genuen abisua, ea laguntzeko prest bageunden". Jaso eta ekin. Hiru irakasleak diseinua eginda jaso zuten eta inprimaketan dihardute egunero. Maskarak osatzen dituzte, bi atalez osatutakoak, hiru makina lagun dutela. "Bakoitzak bere etxetik egiten du lan. Eta nahiz eta batzuetan koordinazio lana ez hain erraza izan, moldatzen gara", dio Apeztegiak. Izan ere, formazio minimo bat behar da hiru dimentsioko inprimagailuak erabiltzeko. "Ezin du edonork erabili, jakintza minimo bat behar da". Akatsak egiteko aukera ere handia da, "gehiago gainera etxean izanik. Baina molda-tzen gara", errepikatzen du. "Babes pantailen beharra badago, eta ahal dugun heinean, materialea sortzen saiatzen gara. Eskaini ahal dugun laguntza apurra ematea" dute pizgarri Barrutialdekoek.