Ezohiko neurriak hartu zituen atzo Markina-Xemeingo Udalak, osteguneroko azoka aurrera atera zedin. "Distantziak mantendu, eskularruak banatu eta jendearen sarrera-irteerak neurtu dira, aforoa kontrolatuz une oro", Udalaren esanetan. Xemeingain baserriko Alejandro Arrieta ekoizlea bertan izan zen.

Zer moduzkoa izan da atzoko azoka? Arraroa?

-Ezohikoa izan da, alde guztietatik begiratuta. Jaieguna zen, nahiz eta egoera ere berezia bazen koronabirusa dela eta. Azoka berezia izan da, baina aukera izan dugu gure produktuak zuzenean saltzeko. Eta pozgarria izan da merkatua mantentzea, zailtasunen guztiak gaindituz.

Erosleak zein saltzaileak zaintzeko protokoloa oso zorrotza izan da. Zer nolako izan da antolakuntza?

-Udalak konpromisoa hartu du azoka egiteko. Eta antolakuntza behar bezalakoa izan da. Distantziak errespetatu dira, udaltzainak izan dira sarreran, erosleak ere kontziente izan dira egoeraz... Alkatea bera ere bertan izan da. Eskertzekoa da Udalak azoka mantendu izana.

Erosleek ere ederto eskertuko zuten azoka izatea...

-Bai, eskertu egin dute. Eurek ere esfortzua egin dute azokara etorri ahal izateko, beri ere neurriak betez. Eta oso gustora nago euren erantzunagatik, ahal izan dutenak etorri eta gure produktuak erosi dituztelako. Guretzako kontua argia da: saldu edo galdu, esaten den moduan. Letxuga bat ezin duzu 15 egunetan izan. Eta, sikieran, aukera eman digute gurea saltzeko. Erosleei ere esker ona zabaldu nahi diet, bertan izan direlako.

Saltzeko aukera izan duzu, bai. Baina egun oparoa izan da edo ez da salmenta handirik izan?

-Izan ditugun zailtasunak kontutan izanda, eta arriskua duten pertsonak etorri ez direla, ondo saldu dut. Nolabait moldatu egin gara, gainera, baserritarrontzako sasoi txarra dela kontutan eukita.

Berebizikoa da zuentzako tankera honetako azokak mantentzea? Zer eragin dezake hala ez bada?

-Nahitaezkoa da baserritarrontzako. Ez dut ulertzen nola beste merkatu batzuk itxi dituzten. Arazoak izan litezke hauek antolatzeko, baina Markina-Xemeingo kasuan erakutsi dugu posible dela azokak antolatzea. Udalak esfortzua egin du. eta lortu du. Milaka pertsona batzen diren merkatuenkasuan beste kontu bat da, baina zuzeneko salmentarako hain beharrezko diren azokak mantentzea posible dela erakutsi dugu.

Eta produktu fresko, kalitatezko eta ekologikoak eskuratzeko aukera ere ematen duzue.

-Ekoizten ditugun produktuak halakoak dira. Gainera, bide batez, bertako ekonomian ere eragin positiboa du zuzenean saltzea, ekoizletik kontsumitzailera.

Etorkizunari dagokionez, zer?

-Ez dakigu nola izango diren datozen asteak. Baina nik hiru edo lau hilabetera begira egiten dut lan, porain landatu eta gero batu. Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina espero dut aukera izatea ostegunero Markina-Xemeinen saldu ahal izateko. Gu kalean egon behar gara, saltzen.