Berebiziko da Gernika-Lumoko bizitzan, bai ekonomian eta baita asteleheneroko giza hartu-emanetarako ere. Eta orain, baita Onceren kupoiaren irudi. "Merkatu plaza 'Este es tu mercado' kupoi-sailari dagokion Onceko kupoiaren protagonista" izango da, datorren martxoaren 12an zozkatuko dena. Orotara "5,5 milioi kupoik zabalduko dute merkatari-tza gune enblematiko hor", erakundetik zehaztu zutenez.

Atzo egin zuten kupoiaren aurkezpena Merkatu plazan bertan. Bertan izan ziren Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroño, Onceren Euskadiko lurralde-ordezkari Juan Carlos Andueza eta Miguel Morado, Onceren Euskadiko eta Kantabriako joko-burua. Erreferentziako merkatua dena irudika-tzea izan du jomuga erakundeak. "Lehendabizi Gasteizko merkatua irudikatu zuten, orain Gernikakoa eta hurrengoa gipuzkoakoren bat" izango dela nabarmendu zuten. Gorroñok esker onez hartu zuen udalerriko eraikina hautatu izana, "gure astelehenetako plaza ezagutarazteko baliagarria" izango delako, eta berau berritzeko proiektua ere badela gogoratu zuen.

Onceren partetik, bestalde, urteko lehen hiruhilabetan izandako emaitzak aurkeztu zituzten. Azaldutakoaren arabera, "sari ugari banatzen hasi du urtea, eta aurten 3,2 milioi euro pasatxo banatu ditu Euskal Autonomia Erkidegoan". Eta martxoaren 12ko kupoiari dagokionez, "eguneroko kupoiak 35.000 euroko 55 sari eskaintzen" dituela azaldu zuten, "1,5 euroren truke. Gainera, bezeroak aukera du 0,5 euro gehiago ordainduta, saila ere jokatzeko, eta 3.000 euroko paga irabazteko, 25 urtez hilero, 35.000 euroko sariari gehituko zaiona".