BERMEO. Kate Sareak Bermeoko Eutsi gogor Danok Batera elkarteak antolatutako 'Danok bat, danok batera - San Silbestre 2019' solidaritatez betetako lasterketa jasoko du abenduaren 29an. Horri esker lortutako etekinak beharrizan ezberdinak eta gaixotasun arraroak dituzten umeei bideratuko dira.

Lasterketa, 13:30ean hasiko da Portuko Olatu eskulturaren inguruan eta adin guztietako pertsonek parte hartzeko aukera izango dute. Hiru ibilbide egiteko aukera egongo da: 500m, 2km eta 4km (2 km bi aldiz). Dortsalak, abenduaren 20tik eta 28ra arte, honako tokietan eskura daitezke: Bermeoko Intersport eta Aribike dendetan eta Orain Bai Fitness Clubean.

Aurten, enpresa laguntzaileei esker, dortsalarekin zozketa batean parte hartzeko aukera egongo da (3 euroko kostua izango du dortsalak). Gainera, Abenduaren 29an dortsala eta EGDB kamiseta (7 euro) erosteko aukera izango da Lameran, 11:30etik aurrera.

Bestalde, promozio desberdinak egongo dira EGDB elkarteak salgai duen toaila eta kamisetarekin, elkarrekin erosten badira. Aukera polita Gabon opari solidarioa egiteko. Dortsalekin, EGDB kamisetekin eta toailaren salmentarekin lortutako dirua, EGDB elkartearentzat eta behar ezberdinak dituzten Bermeoko umeentzat izango da.

Aurten ere beste helburu bat dago, oso garrantzitsua antolatzaileentzat: Bermeoko ume eta gaixotasunen arloan lan egiten duten beste elkarteen aktibitatea kaleratzea. Aurten Gurutze Gorria, Aspanovas eta TEA Gurasoen taldea (Autismoren Arloan lanean dabiltza) izango dira. Antolatzaileak lanean dabiltza datorren urtetik aurrera gizarte elkarte gehiagok parte hartzeko eta haien lana ikustarazteko.