Bermeo - Ez ohiko bilkuran, Bermeoko Udalak atzo onartu zuen datorren urterako aurrekontua. Horixe zen udal gobernuaren nahia, eta nahiz eta EAJk baino ez eman aldeko botoa, EH Bildu eta Guzanen kontrakoarekin, datorren urteko kontuek onarpena jaso zuten. Orotara 23.083.944 euro izango ditu udal administrazioak, aurtengoarekin alderatuta “%2,5a gehiago”, eta inbertsioen kapituluan 826.748 euro izango dituzte, besteak beste hobekuntzak egiteko Itxasgane futbol zelaian, aisiguneetan, saihesbideko loturan, edota Areneko kiroldegian.

“Bermeotarron beharrizanei zuzenean erantzuten dion aurrekontua” dla azaldu zuen Aritz Abaroa alkateak. Eta legegintzaldi hasieran ezarritako egitasmoarekin “bat datorrena”. Eta “bermeotarren bizi-kalitatea hobetzeko 14.843.571 euro erabiliko” direla nabarmendu zuen. Hala, “bizi-kalitatea hobetzea, aberastasuna eta jarduera ekonomikoa sortzea eta nortasuna eta kudeaketa arduratsua balioan jartzea” izango dira giltzarriak. Dena dela, aurrekontu bateratua lau ataletan ezberdintzen da. Udalak 19.167.328 euro izango ditu; Gizarte Ongizate Udal Patronatuak 5.543.946; Kirol Patronatuak 1.141.603eta Berualak, azkenik, beste 580.000. Diru sarrerek goraka egin dute, bai Udalkutxaren aportazioagatik eta baita “osoko bilkurak urrian aho batez onartu zituen prezio publikoen, tasen eta zergen eguneraketagatik”. Hala ere, pertsonalaren gastuak aurrekontuaren %64a jasoko du -14 milioi eurotik gora-, eta inbertsioek 826.748 euroko partida izango dute. Bestetik, kirol, kultura eta gizarte-ekintzako herriko taldeek aurrekontuaren %3a izango dute, 677.075,84 euro.

Egitasmoak garatzerako orduan, “Bermeo garbi mantentzera 2,1 milioi eurotik gora bideratuko dira”, kontenedore berriak jarriz eta gabrniketa zerbitzuak berriztuz. Irisgarritasunari dagokionez, beste 1,3 milioi eurotik gora bideratuko dira, “Itsasbegin aparkaleku berriak egiteko lurrak eskuratzeko, Tellaetxe tar Josu kaleko saihesbideko lotura eta bidegurutzea exekutatzeko; Itsasbegi-Iparragirre auzoetan tunelaren atzetik bidea egiteko edota eta igogailu edo elementu mekanikoen proiektua egiteko. Segurtasunaren arloan, “1,6 milioi eurotik gora bideratuko direla” nabarmendu dute, Udaltzaingoak agente berriak izango dituelarik.

Kirol instalazioetan egingo dira inbertsiorik garrantzitsuenak. “Aipamen berezia merezi dute kiroldegiko larrialdiko eskailera eraikitzeko proiektuaren exekuzioak eta futbol zelaiko belarra aldatzeko proiektuarenak”. Bestetik, “Hermanoetako kirol instalakuntzetan hobekuntzak egiteko diru-partida ere jaso da”. Aisialdirako guneak egokitzeak 327.471 euro (2020rako txakurgunea egingo da) jasoko ditu; eta ingurune eta balore naturalak zaindu eta balioan jartzeko 124.713 euro izango dira. Honen biotartez “Tonpoia gune natural bilakatzeko proiektu berdimentsionatuko” dela adierazi dute. Gizarte politikek, azkenik, 5.607.946 euroko partida izango dute; Gazteentzako ekimenek 165.033 euro, eta jarduera ekonomikoak sortzerako ekimenek, beste 1.249.796 euro. Azken partida honetan “Bermeo bizi bat lortzeko proiektu eta zerbitzuetara 700.000 euro” izango dira, tartean direlarik Alde Zaharra biziberritzeko laguntzak -40.000 euro- Lokalbide programaren bitartez, merkataritza eta ostalaritza dinamizazioa.

ezezekoa EH Bilduk ezta Guzan plataforma aurrekontuaren kontra agertu ziren. Lehen alderdiak “bermeotarren lehentasunak ez diren” ekimenei men egitea kritikatu zuen. “Ez dira sozialak, langabetuei bideratutako zerbitzuak murriztu dituzte, azpikontrataazioaren aldeko apustua egin dute eta berdintasunaren ildoan emandako pausoak ezabatu dituzte”. Bigarren alderdiak, berriz, eta nahiz eta abstentzioa lortzeko negoziaketek azken unera arte mantendu, “berdintasun arloan, parte hartzean, portuaren berrantolaketan eta turismo planean izandako desadostasunek” akordioa zapuztu zuten.